Atera da Benta Berri, Etxadi eta Intxaurrondo Udal Kiroldegiak berritzeko lehiaketa
“Udal kiroldegietako gimnasioak berritzeko apustuarekin” jarraitzeen duela baieztatu du Donostia Kirolak. Lehiaketara atera ditu Benta Berri, Etxadi eta Intxaurrondo kirol instalazioak zaharberritzeko lanak. Iñaki Gabarain Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziak adierazi duenez, “gimnasioak dira azken urteotan gehien eskatzen ari diren kirol instalazioak, eta, horregatik, berritzen jarraitzen dugu, kirola egiten dutenentzat erakargarri izan daitezen”.
Beste behin renting edo alokairu formula erabiliko dutela adierazi du Kiroletako zinegotziak. Formula horrek gimnasioak erabat berritzeko aukera ematen du bost urtean behin, inbertsio berririk egin behar izan gabe. Faktore ekonomikoa ez ezik, efizientzian ere hobekuntzak izango direla adierazi du Gabarainek: kiroldegiko makinen mantentze lanetan eta eguneraketan hobekuntzak eskaintzen ditu eta matxurak gehienez 72 orduko epean konpontzea bermatzen du”. Altzan eta Paco Yoldin, “oso emaitza onak” izan dituztela baieztatuta, bide beretik jarraitu nahi dute eta datozen bost urteotan, 785.000€ bideratuko dira renting horretara.