Bizilagunek etxebizitza turistikoak debekatzea baimendu du gorenak, berriz ere
Bizilagunek legez kanpo utzi dute Zubieta kaleko etxebizitza turistiko bat, euren estatutuetan erabilera hori debekatuta zegoelako aurretik.
Espainiako Auzitegi Gorenak ontzat jo zuen abenduan komunitateek pisu turistikoak debekatu ahal izatea. Horretarako, ordea, komunitateko estatutuek argi adierazi behar dute bertan jarduera ekonomiko oro debekatuta dagoela. Hain justu, auzitegiak dio pisu turistikoak edukitzea jarduera ekonomikoa dela, eta horregatik adierazi du hori bateraezina dela komunitateko estatutuek agintzen dutenarekin.
Sententzia horrek jurisprudentzia ezarri du, eta debeku hori espresuki euren estatutuetan duten komunitateek euren zenbakian pisu turistikoak ezartzea galarazi du. Lehen sententzia Urumea pasealekuko 10, 11, 12 eta 13 zenbakietan jazo zen. Bizilagunek sei urte zeramatzaten auzitegietan borrokan, euren estutuetan jasotakoaren aurkako praktikak egiten zebiltzala salatuta.
Oraingo honetan, baina, Zubieta kaleko luxuzko eraikin batean debekatu dute etxebizitza turistikoa. Auzitegi Gorenak ez du onartu etxebizitza turistikoaren jabeak aurkeztutako kasazio errekurtsoa, 1970an eginda haren barne araudiak debekatu egiten duelako: “Etxebizitzak familia egoitzatzat hartzen dira soilik, eta, ondorioz, ezin izango dituzte bertan egin jabeek, senitartekoek, maizterrek edo hirugarren pertsonek, ez dute inolako jarduera profesionalik, ez komertzialik, ez industrialik, ez eta “familia egoitzaren” printzipioa aldatzen duen beste edozein erabilera ere”, jasotzen du hamaikagarren artikuluak. Etxebizitza horren erabilera turistikoa 2016tik dago onartuta, eta komunitatearen barne araudia aurretiaz eginda dagoenez, legez kanpokoa dela ebatzi du auzitegiak. Era berean, Gipuzkoako Audientziaren 2021eko epaia berretsi du, eta hala, komunitateari arrazoia eman dio, negozioa ixteko aginduta.