GKSk elkarretaratzea egin du epaitegiaren aurrean, mobilizazio baten harira deklaratu behar zuen gazteari babesa adierazteko

Palestinako herriaren alde egindako mobilizazio baten harira, asteazken honetan pertsona batek deklaratu du Donostiako epaitegian, eta Gazte Koordinadora Sozialistak elkarretaratzea egin du pertsona horri babesa adierazteko. Donostiako GKSren arabera, gutxienez 14.000 eurokoa izan daiteke auzipetuaren kontrako zigor ekonomikoa.
Azaroaren 3an Donostian egindako mobilizazio baten harira auzipetu zuten gaztea. Egun horretan, GKSk antolatuta, protesta bat egin zuten PSOEren egoitzaren aurrean. Palestinari elkartasuna adierazi zioten eta Israel palestinarren kontra egiten ari den genozidioa salatu zuten, baita Espainiako Gobernua seinalatu ere, “sionisten konplize” modura. GKSren arabera, Ertzaintzak babestu zuen PSOEren egoitza, eta “gogor oldartu zen” manifestarien kontra.
Auzipetutako pertsona horrek gaur deklaratu behar zuenez, GKSk antolatuta, hamarnaka lagun bildu dira epaitegiaren aurrean, Eskubide politikoak defendatu. Errepresiorik ez! leloa zeraman pankarta baten atzean. Bertan bildu direnek azaldu dutenez, “ohikoa” da beraien jardunean “errepresioa sufritzea, eta lan politikoa egiteagatik multak eta identifikazioak sufritzea”. “Horren aurrean, gure jardunean berresten gara, ikusten dugulako askatasun politikoa bermatzeko aukera bakarra langileriaren antolakuntza independentea dela. Beraz, gure partetik horretan ekarpena egiten jarraituko dugu”, nabarmendu dute.
Elkarretaratzea amaitzeko, “Palestinan Israelgo estatu genozida burutzen ari den sarraskia” gogorarazi dute, eta elkartasuna adierazi diote palestinar erresistentziari. Era berean, Espainiako Gobernuak eta Euskal Herriko enpresari handiek “sionismoarekin duten konplizitatea” salatu dute.