Baso bainua egingo dute Ulian igandean
Baso bainu bat antolatu dute Ulian iganderako (hilak 11), 10:00etan; joateko, izena eman behar da aurretik, hemen. “Baso bainua naturan oinarritutako ongizate-praktika bat da”, baso bainu saioa zuzenduko duen Basona elkarteko Violeta Toranek azaldu duenez. Duela 40 urte, Japonian garatzen hasi ziren praktika hauek, eta euren helburua da “zentzumenen bidez naturarekin konektatzea”, Toranek gehitu duenez. Horretarako, Basonatik, saioetan parte hartzen duten pertsonek basoak eskaintzen dituen estimuluak —soinuak, koloreak, testurak…— esperimentatzen saiatzen dira, hainbat azterlanen arabera onura fisiko zein mentalak ekartzen dituen praktika batean.
Toranek nabarmendu duenez, “sistema immunologikoa indartzeko, osasun kardiobaskularra hobetzeko eta sedentarismoa saihesteko” balio dute baso bainuek, eta “estresa kudeatzen eta oroimena, kontzentrazioa, sormena eta intuizioa bezalako trebetasunak sustatzen” laguntzen dute.