Jose Manuel Abalosek 'Bizitza olatuen artean' erakusketa aurkeztu du
Gardentasuna, kolorea eta geometria misteriotsuak biltzen dituen erakusketa Okendo Kultur Etxean egongo da apirilaren 6ra arte.
Okendo Kultur Etxeko aretoan sartzerakoan familia batek agurtzen du ikuslea. Sarreran kokatuta, parez pare jarri ditu Jose Manuel Abalos margolariak (Donostia, 1947) bere senideak. “Zortzi koadro dira orotara, sei baino ez ginen, baina beste bi ezarri nituen emaztea eta bion zahartzaroa irudikatzeko”. Ez dira bere margolan gustukoenak horiek, “denborarekin” gehiago preziatuago bilakatu diren arren: “Koadroak zaharkitzen diren moduan zaharkitzen baita ere pintorea”. Kolore eta tonalitate “guztiak” egoteak eragiten dio batik bat bere bururekiko kritika hori: “Horko urdinak ostikada bat ematen dio koadroari”, esan du, zazpigarren koadroa seinalatuz. Nolanahi ere, jakin badaki “esperimentatzeko garaia” zuela hura, eta egun denari zor dizkiola hastapen horiek. Abalosen ibilbidearen kontalari gisa eramaten du erakusketak ikuslea, itsasoaren urdinetan murgilduta bahitzen duen arte.
Gaur, 19:30ean, inauguratuko du Donostia Kulturak Jose Manuel Abalos marrazkilariaren Abalos, bizitza olatuen artean erakusketa Okendo Kutur Etxean. Zuzeneko musikak emango dio hasiera margolariaren arima jasotzen duen erakusketari: Javier Alberdik, Coral Aita Donostia abesbatzaren zuzendariak eta Ana Otxoa Pando sopranoak Schuberten Lieder batzuk abestuko dituzte. Era berean, Abalosek berak bisitak gidatuko ditu: otsailaren 10ean eta martxoaren 2an, 12:00etan, gazteleraz. Otsailaren 26an, berriz, Edorta Kortadi kritikariak aztertuko du margolariaren bisita gidatua gazteleraz eta otsailaren 29an, bere anaia Iñaki Abalosekin batera ibiliko da solasean 19:00etan.
Kromatismoaren bilaketan
Sarreratik metro batzuetara, ikuslearen ibilbidea hastear dagoela, artistaren hastapeneko obrak dira nagusi. “Etapaka banatu dut erakusketa, baina halako 30 gela beharko nituzke nire ibilbidearen berri emateko”, azaldu du Abalosek. Arkitektoa lanbidez, txikitatik izan du marrazketarako grina, eta bere obretan afizio zein ofizio uztartu ditu. Hala, irudi geometrikoak dira nagusi bere ibilbide artistikoaren hasieran, eta kolore falta, nabarmen: “Koadroek esaten zidaten zuriegi gelditzen ari zirela”.
Lehen urteetako hainbat erakusketetan parte hartu ondoren hasi zuen koloreekiko trantsizioa. Tonalitateen festa horretan murgildu zen urte luzez, bere bidea bilatu eta egun oinarrizko dituenak topatu zituen arte: esmeralda gorria, indio horia eta itsasoz bestaldeko urdina. Limoi horia ere erabili ohi duela ere aitortu du margolariak, “artelana zertxobait espabilatu” behar duenean.
Hiru tonalitate horiekin jokatuz lortzen du eguneroko uneak islatu eta Donostiaren argi bereziak biltzea. Horien artean nagusi dira San Rokeko etxean bizi zeneko paisaiak, badia atzean eta ortzi muga amaigabeak buru dituela. Artistak azaldu duenez, halaber, orduko margolanak dira egungo koadroen oinarri. Batik bat, hormen sortzen duten mugak hautsi zituen, eta ikusi zuen errealismotik at, imajinatu eta irudikatu zitzakeela mundu berriak.
Olatuak barra-barra
Erakusketaren azken tartea hartzen dute olatuek. Bere handitasunean, arreta bereganatzen dute tupustean, eta zaila da begiak beste leku batera bideratzea. “Duela hamar urteko denboraleak eraginda hasi nintzen halakoak egiten”, azaldu du artistak, eta egun beste lanekin tartekatzen dituen arren, argi du itsasokoak baino, koloreen olatuek markatu dutela bere ibilbidea.