Momo Jainkosa eta bere segizioa Donostiara iritsi dira
Urteroko legez, Momo Jainkosa eta bere segizioa Maria Cristina hotelera iritsi dira iluntzean, eta hiriko giltzak eman dizkiete, datozen egunetan beraiek izango baitira Donostiako jaun eta jabe. Autoz iritsi dira hotelera, eta hainbat konpartsetako kideek ongietorria egin diete, inauteriei hasiera emanez. Txarangak alaitu du giroa, eta elkarrekin dantzatzen eman diete hasiera inauteriei.
Altzako Showtime konpartsako Mabel Vidal Sastre da aurtengo inauterietako Momo Jainkosa. Vidalek bizitza osoa darama kirolean eta dantzan; VideoShow izeneko talde batean hasi zen dantzan, eta handik gutxira Step izena hartu zuen. Dantza klaseak eman ditu, eta gimnasioetan ere lan egin du. Klase kolektiboetako monitoreen, pilatesen, muskulazioko monitoreen, fisio kulturismoaren, kiromasajearen eta kirol masajearen ikasketak egin zituen, beti izan du lotura kirolarekin, hori baita bere benetako grina.
Ebanjelio berria
Showtime konpartsako Lydia Simonek, Joseba Bergarak eta Irati Nuñezek osatzen dute segizioa. Aurten ebanjelio berriaz mozorrotu dira: “Ebanjelio berria erlijio berri bat da, guk asmatutakoa”, adierazi du Momo Jainkosak.