Nerabeen eta gazteen osasun mentala zaintzeko programa bat abiarazi dute udalak eta Agifesek ikastetxeetan
Donostiako Udalak eta Agifesek (Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkartea) Zeuk Aukeratu izeneko prebentzio programa jarri dute abian, nerabeen eta gazteen osasun mentala zaintzeko.
Zeuk Aukeratu, udalak lehen aldiz eskola eremura zuzendu nahi izan duen programa, hezkuntza sistemako eragile guztiei zuzenduta dago; eta, beraz, barnean hartzen ditu familiak, irakasleak eta 12 eta 22 urte bitarteko ikasleak. Gaur aurkeztu dute egitasmoa udaletxean, eta Marisol Garmendia Ekologiako eta Osasun Publikoko zinegotziak adierazi duenez, gazteen eta nerabeen osasun mentalari buruzko datuek “egoera kezkagarri samarra” erakusten dute.
Osasun mentaleko arazoen %50 15 urte bete aurretik agertzen dira, eta % 75, berriz, 18 urte bete baino lehen. Gainera, gazteen %49k pentsatu du noizbait bere buruaz beste egitea, eta inoiz halakorik pentsatu ez dutenak baino bi puntu gehiago dira. “Sentsibilizazioa piztu nahi dugu osasun mentala zaintzeak duen garrantziaren inguruan, eta, horretarako, erabakigarria da zeinu goiztiarrak identifikatzea, bereziki adingabeengan, kontuan izanik arazoak eragin ditzaketela gerora. Hala, ahalik eta gehien txikitu nahi dira estigmaren ondorioak, eta, bide horretan, estereotiporik gabe ikusi behar da arazoa”, nabarmendu du Garmendiak.
Nekane Azuabarrena Agifeseko kideak azaldu duenez, gazteei gehien eragiten dieten arazoen artean ageri dira antsietatea, depresioa, gogo aldarte apala, familia arazoak, arazo akademikoak eta suizidio ideiak edo ahaleginak. “Konturatu gara buru osasuneko arazoak izan ditzaketen pertsonek ez dutela profil zehatz bat. Lehen, uste zen baliabide ekonomikoak ez dituzten pertsonek edo adikzioak dituzten pertsonek izan zitzaketela arazo gehiago, baina pandemiatik hona, ohartu gara edozeinek sufritu ditzaketela buru osasuneko arazoak”, adierazi du Azuabarrenak.
Zeuk Aukeratu programa, ikastetxeetan
Ikastetxeetan lantzen ari diren programa honen helburua da babes faktoreak indartzea eta ahalik eta gehien murriztea ondoez emozionalaren arrisku faktoreak. Programa ordu eta berrogeita hamar minutuko tailerren bidez egituratzen da. Lehenengo zatian, ondoez emozionala edo depresioa jasan duten pertsona ospetsuen bideoak erabiltzen dira, baita lehen pertsonan emandako lekukotasunak ere; horri esker, naturalizatu egin nahi da haien agerpena pertsonen bizitzan —zehazki gazteenen artean—, osasun mentalaren auziari heldu ahal izateko.
Ondoren, ikasleen adinera egokitutako dinamikak egiten dira, iritziak, zalantzak eta esperientziak planteatzeko gune bat eskaintzeko eta gelan partekatu ahal izateko. Ildo horretan, osasun mentalari buruz hitz egitearen garrantzia azpimarratzen da: arazo emozionalak naturalizatzea, hitzez adieraztea eta laguntza eskatzea horrelako arazoak kudeatzeko zailtasunak gainditzeko.
Saioa amaitzeko, tresna komunitarioak eskaintzen dira, hala nola laguntza telefono bat edo WhatsApp bat, gazteek haietara jo ahal izateko behar izanez gero. Zeuk Aukeratu programaren azken helburua da baliabide hori ikusaraztea eta bizitzako uneren batean laguntza psikologikoa behar duten pertsonei hautatzeko aukera eskaintzea.
Nola lortu programa hau ikastetxe batean?
Donostiako Udaleko Osasun Publikoko Sailaren bitartez, ehun saio inguru hitzartu dira dagoeneko ikastetxeetan, Lanbide Heziketako zikloetan edo unibertsitateko graduetan. Hala ere, ikastetxeren batek programa landu nahiko balu, udalarekin harremanetan jarri beharko litzateke, eta udalak Agifes elkarteari jakinaraziko lioke. Ondoren, Agifes jarriko litzateke ikastetxearekin harremanetan.