San Bartolomeko muinoaren indusketa salatu dute hainbat auzo elkartek
San Bartolomeko muinoan indusketa arkeologikoak egiten dabiltza atzotik. Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, ustezko eremu arkeologikoa izanik, edozein lan abiatu baino lehen ezinbestekoa da araketa arkeologikoa egitea bertan. Hala, indusketa eta zundaketak egingo dira datozen bi asteetan obrak egin nahi dituzten eremuan arrasto historikorik dagoen ala ez argitzeko.
Ordea, Amara Bai, Erdian Bizi eta Dendartean elkarteek ohar baten bidez azaldu dutenez, muinoaren azpian merkataritza gune bat eta aparkaleku bat eraikitzeko proiektua sub iudice (ebazpen judizial baten zain) dago; izan ere, Dendartean merkatarien elkarteak EAEko Justizia Auzitegian duen errekurtsoak aurrera jarraitzen baitu. “Hondeamakinen jarduera, beraz, asmatutako maniobratzat baino ezin da hartu, behin mendia txikituta merkataritza gune bat egitea hobe dela pentsarazteko. Merkataritza gunea interes espekulatibo esklusibokoa da, eta ez da batere beharrezkoa ikuspegi ekonomiko sozialetik”, nabarmendu dute elkarteek.
Beraien ustez, “kutsadura gehiago eta era askotako zirkulazio eta hirigintza arazoak sortzeaz gain”, ezinezkoa izango da “higiezinez gainezka dagoen eremu batean” parke bat sortzea, herritarrek gozatu dezaten. “Aipatutako elkarteok argi ikusten dugu Donostiako Udala zuzentzen dutenak iraunkortasunaren eta ingurumenaren defentsaren parametroetatik aldendu egiten direla, tamalez”, adierazi dute.