Txoko Morea ireki dute musika eskolaren liburutegian
Emakumeek musikan eta dantzan egiten duten ekarpena nabarmentzeko ahaleginean, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako liburutegiak Txoko Morea izeneko gune berria jarri du abian. Berdintasun Batzordeak babestutako ekimen honek genero berdintasuna eta feminismoa bultzatzea du helburu, eta horretarako, lan feministetan oinarritutako baliabideak eskainiko ditu.
Donostiako Udaleko Musika eta Dantza eskolak ohar bidez azaldu duenez, “eremu honetarako funts bibliografikoak partida morearen esleipenari esker eskuratu ahal izan dira”. Era berean, nabarmendu nahi izan dute, agerikoa dela “erakundeak hezkuntzaren eta kulturaren bidez genero berdintasuna sustatzeko duen konpromisoa”.
Orotara 31 berritasun ditu Txoko Moreak, eta adin tarte guztietarako eskaintza topatu daiteke, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Bildumaren parte dira “22 Nocturnes for Chopin”, emakume konpositoreena; “Educación, memoria e historia de las mujeres vascas”, Karmele Bujanek eta Luz Maceirak koordinatua; eta “Euskal Herriko 40 emakume: egon ginen, izan ginen”, Cira Cresporen testuekin, besteak beste.