«Alokairuak saltoki txikiak itotzen ditu»
Ainhoa Iñigok hamasei urte igaro ditu Alfontso VIII.a kaleko Sustrai belar dendan produktu organikoak saltzen. Askorentzat erreferentziazko gunea den arren, saltokiak ateak itxi beharko ditu, kontratua berritzeari uko egin baitio lokalaren jabeak. Pena handiarekin, martxoaren 23an jaitsiko du pertsiana azkenekoz, eta nostalgiak hartuko du orain arte gertutasunagatik nagusitu den gunea.
Noiz izan zenuen zure itxieraren berri?
Duela bi urte esan zidaten, ondoko tabernaren irekierarekin bat. Lokalaren jabeak esan zidan ez zekiela zer pasatuko zen aldameneko tabernekin, eta nik ezin dut ziurtasun osoz esan, baina une hartan nagusiak eta tabernak zerbait hitzartu zutenaren susmoa dut. Nagusiak behintzat argi utzi zidan bi urteko kontratua luzatuko zidala, besterik ez; negoziaezina zela berritzea.
Noiztik daramazu belar dendan?
Duela hamasei urte hasi nintzen. Amak oihal denda bat zuen lehenago, lokal honetan bertan, eta utzi zuenean, nik eman nion segida belar dendarekin. Betidanik izan da nire ametsa belar denda bat izatea. Gogoan dut batxilergoan nengoenerako asmo horiek nituela jada. Dietetika eta Nutrizioa ikasi nahi nuen, baina ezin izan nuen orduan. Unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren hasi nuen arlo honetako formakuntza. Eta aukera sortu zenean ez nuen bi aldiz pentsatu.
Nola gogoratzen dituzu zure lehen egunak saltokian?
Gogoan dut estres handia izan nuela dendaren irekierarekin, hilabete dezente izan zirelako prestaketan. Oso nekagarria izan zen arren, sekulako ilusioa nuen eta oso pozik etortzen nintzen lanera.
Aurretik beste belar denda batean ibilia nintzen, bestela ziurrenik ez nintzen animatuko. Edonola ere, segurtasun falta handiarekin nenbilen, esperientzia handirik ez nuelako.
Denborarekin eskuratzen da hori?
Bai, urteak eta esperientzia behar dira. Oso argi dut kokalekua garrantzitsua izan dela, baina bezeroekiko tratua funtsezkoa izan da guretzat, eta gertuko harremanak asko eragiten du horretan. Jende asko oso gustura dago gurekin, gure saltzeko moduarekin eta hemen dugun tratuarekin.
Zu zeu aldatu zaren moduan, ingurua ere aldatu dela esango zenuke?
Dezente, bai. Hasi nintzenean, tabernak nituen inguruan, baina kaleak ez zuen azken urteotan sumatu dugun taberna eta terrazen mugimendu hori.
Autobus geltokia zubiaren beste aldean jartzeak ere eragina izan zuen kalean. Ordurako, asko ziren tren estaziotik erdialdera etortzerakoan kale hau zeharkatzen zutenak, baina geltoki berriarekin jendearen joan-etorria asko handitu zen. Horrek ere lurralde osoko bezero asko izatea ahalbidetu dit.
Egun, baina, kale jendetsua izateak kalte egin dizu.
Aitzakia horrekin ere egiten dituzte alokairu igoerak, bai. Bost urtero egin didate kontratua. Dezente igo zidaten halako batean, esan zidaten nire saltokia Donostiako Milla de Oro-n zegoela. Dirudienez, tren geltokitik Loiola kaleraino doan zona oso errentagarria da, eta askok hemen egon nahi dute. Egun, errentagarria da zurearen moduko saltoki txiki bat izatea?
Ez da batere erraza. Batetik lokalak topatzeko zailtasun handiak daudelako, eta gero eta garestiago daudelako topatzen ditugun horiek. Alokairuak ito egiten gaitu, eta horri autonomoek ordaindu behar duguna gehitu behar diogu. Ez dugu batere erraza hiri honetan bizirauteko, eta gero eta gehiago ari dira ixten. Saltoki txikiak bukatzen ari dira eta gertutasuna eta hubiltasuna galtzen da horiekin batera.
Belar denden kasuan ez dakit zehazki alokairua izan den itxieren arrazoia. Batzuek erretiroa hartzen dute, eta Gipuzkoa plazakoaren kasuan eraikin osoa bota behar zuelako itxi zuen. Baina ostalaritza dabil dena hartzen. Multzoka ari dira Donostiako lokal guztiak bereganatzen eta batzuetan komertzioak badira ere, enpresa handienak dira denak.
Hamasei urtetan, zure arloko erreferente bilakatuko zinen bezero askorentzat. Nola hartu dute dendaren itxiera?
Pena handiarekin. Batzuen kasuan, kezka nagusitzen da, orain ez dakitelako non eskuratuko dituzten hemengo produktuak. Ez pentsa, ohi baino enkargu gehiago ditut, eta dendan ere sumatzen da jende gehiago dabilela. Beste batzuek, gertuko tratua eta hurbiltasun hori ere faltan botako dutela esaten didate egun hauetan.
Aldi berean, bezeroak dira ni animatzen dabiltzanak. Nire hoberako izango dela esaten didate. Oso emozionatuta nabil egunotan, haiek egin didaten aitortzagatik eta urte hauetan lortutako harremanagatik.
Eta denda agurtu nahi dutenek, noiz arte izango dute bertaratzeko beta?
Martxoaren 23ra arte egongo da zabalik, hurrengo astea lokal osoa husteko beharko dudalako. Itxi aurreko azken asteburu horretan, ostiral edo larunbatean, festa txiki bat egingo dut denda agurtzeko, eta esan beharrik ez dago, bezero oro dagoela gonbidatuta.
Eta pertsiana jaitsi ondoren zer?
Oraindik landu gabe dudan arren, nire proiektu propioa sortzeko ideia dut. Oso argi daukat nire bidea jendea laguntzea dela, eta osasun arloan dagoela. Beraz, horretan jarraitzeko asmoa dut.
Epe laburrean, beste nonbait ibiliko naiz lanean. Ez dakit beste belar denda batean izango den, edo beste zerbait bilatuko dudan. Baina, epe erdira nire proiektua sortzea gustatuko litzaidake, eta masajeak, reikia eta aromaterapia landu, besteak beste.