Atletico Madrilekin neurtuko da Reala kopako finalerdietan
Espainiako Erreginaren Kopako finalerdietako zozketa egin dute Madrilen, eta Realari Atletico Madril egokitu zaio. Bi partidara jokatuko da kanporaketa: joanekoa Madrilen jokatuko dute, martxoaren 4ean, 5ean edo 6an; itzulerakoa, aldiz, Zubietan izango da, hilabete bereko 12an, 13an edo 14an. Beste finalerdia Athleticek eta Bartzelonak jokatuko dute; joanekoa Bilbon eta itzulerakoa Bartzelonan.
Final-laurdenetan Real Madril garaitzetik dator Atletico Madril eta ligako bosgarren sailkatua da. Realak, aldiz, Levante hartu zuen mendean atzo final-laurdenetan, eta ligako zazpigarren postuan dago, maila ona erakusten. Horrela, joanekoan emaitza on bat lortuz gero, finalerako txartela lortzeko aukera argiak dituzte, itzulerakoa realzaleen babesarekin jokatuko baitute. 2019ko kopa irabazi zutenekoa errepikatu nahi du Natalia Arroyoren taldeak, eta finalerdiak orduko finalaren errepikapena izan daitezke, Atletico Madrili irabazi baitzioten finala txuri-urdinek.
Realeko neskak zein mutilak daude kopako finalerdietan, beraz, denboraldi benetan historikoa izan daiteke honakoa klub txuri-urdinarentzat.