Donostian izan dira Pradales eta Otxandiano
Iñigo Urkullu lehendakariak oraindik ez du iragarri noiz izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, baina alderdiak horretara begira daude dagoeneko. Hain zuzen ere, Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia eta Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia Donostian egon ziren atzo, euren proposamen politikoen berri ematen.
Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan egon zen hautagai jeltzalea, Donostia Forum deitu zuten ekitaldian, Donostiako, Buruntzako, Oarsoaldeko eta Bidasoako alderdikideekin “Euskadik etorkizunean dituen erronka nagusiak partekatzen”, alderdiak berak azaldu duenez. “Euskadiren ongizate maila Europako altuenetakoa” dela nabarmendu zuen Pradalesek, eta “etorkizun hobe baten alde egunero lanean jarraitu beharra” dagoela; horrela, azaldu zuen bere “konpromisoa etorkizun oparo horren alde atsedenik gabe aritzea” izango dela, “Ongizatearen Euskadi seguru eta global bat eraikitzeko”.
Otxandianori dagokionez, Tabakaleran egin zuen ekitaldia, eta “bizi dugun momentu historikoaren eta etorkizunaren inguruan” hausnartzera gonbidatu zituen gainontzeko alderdi politikoak, alderdiak azaldu duenez. Halaber, eztabaida politikoaren maila “altxatzeko” deia egin zuen lehendakarigaiak: “Aberastu dezagun eztabaida politikoa eta topatu gaitezen lehentasunen eta hartu beharreko norabidearen inguruko debatean. Nire begirada eta ekarpen apala hemen dago, EH Bildu prest dago bere ekinbidea herri honen zerbitzura jartzeko. Orain, egin dezagun mailako eztabaida bat”.