Elkar entzuten eta ulertzen ikasteko garaia dugu
THE TEACHERS’ LOUNGE
Zuzendaria: Ilker Çatak
Urtea: 2023.
Herrialdea: Alemania.
Isilean-isilean, bete tokitxoa egiten ari da The Teachers’ Lounge. Ez du, beharbada, Anatomie d’un chute laudatuaren oihartzunik izan, baina funtsean batak zein besteak gai edo helduleku berdintsua dutela aintzat hartuta (egia demostratzearen ezintasuna), eskola eremuan girotutako thriller moralista hau ez litzateke inolaz ere ekoizpen frantziarraren itzalpean ahaztuta gelditu beharko. Justine Trieten drama judizialaren izaera performatibotik aldenduta, eztanda egitear dagoen lehergailua eraiki du Ilker Çatakek, erritmo bizia duen istorio magnetiko eta sarkorra dakarrena.
Bigarren hezkuntzako eskola batean gertatutako lapurretek zalaparta izugarria eragingo dute zinemagile alemaniarraren film berrienean, eta erantzulea nor den jakiteko premia itsuak (zentroaren ‘tolerantzia zero’ politikak) ondorio latzak izango ditu pertsonaia guztiengan. Hasi Carla Nowak matematika eta kirol zientzien irakaslearengandik, lankide, ikasle zein horien gurasoenganaino. Denek ere, gatazkaren inguruko ikuspuntu distortsionatua elikatuko dute, zurrumurruen zurrunbiloari eta informazioaren desitxuraketari leihoa irekiz.
Bada, ikus-entzuleon saman estutzen joango den zapia da The Teachers’ Lounge. Çatakek ez gaitu sekula eskolatik aterako, proposatutako planteamendu bisual hertsiak ihesbiderik ez baitu aurkituko. Eraikinaren egituraketa labirintikoa, planoaren formatu akademikoa/karratua eta soinu banda zanpatzailea presio adierazle formalak dira, Leonie Benesch aktoreak konbentzio handiz haragitutako Nowak hezitzaileak jasango dituen epaiketa sozialen proiekzio estetikoak.
Çatakek irauli egin du ikaskuntza erdigunean jarri izan duten filmen ohiko ildo baikorra. Besteak beste, Dead Poets Society (Peter Weir, 1989), Entre les murs (Laurent Cantet, 2008) edo À voix haute – La force de la parole (Stéphane de Freitas, 2017) lan ameslarietan piztuta mantendu izan den esperantzaren sua itzali egingo da. Irakasleen bokazioa eta militantzia, ikasleen motibazioa, hezkuntzaren beraren garrantzia unibertsala… ez dugu horrelakorik hautemango, The Teachers’ Lounge-k utopikotik baino krudeletik baitu gehiago. Gauzak horrela, eskolak ez du etorkizun oparoaren eta gure ondorengoen jakituriaren habiaren funtziorik beteko, baizik eta instituzio egitura bertikala lez, gizarte ustelaren ispilu dela ohartaraziko digu.
Botere harremanak, arrazakeria, gezurrak, biolentzia eta pribatutasun arazoak egunerokotasunean iltzatuta azalduko zaizkigu; eta horien guztien aurka altxatzen saiatuko den protagonistaren idealismoak are hondoratuko dizkio dituen asmo onak, beren baitan ixten joango diren gainerako pertsonaiekin gertatu bezala. Den-denak, beren ekintza inpultsiboen biktimak dira, jakina baita norberaren buru estimua minduta sentitzen dugunean bi aldiz pentsatu gabe jokatzen dugula; zentzu komuna eta arrazoia dira beti galtzaile. Hala, elkar entzuten eta ulertzen ikasteko garaia dugula aldarrikatuko digu Çatakek The Teachers’ Lounge-n.