Olatu handiek hainbat itxiera eragingo dituzte asteburuan
Alerta horia eta laranja direla eta, ibilgailu eta oinezkoen sarbidea galaraziko da hiriko hainbat gunetan.
Udalak jakinarazi duenez, azken orduetako olatuak eta datozen orduetarako iragarpenak ikusita, hainbat gune itxiko dira, segurtasun neurri gisa. Babes zibilaren hainbat abisuren ondorio dira neurri eta itxiera horiek. Lehorrean bezala, itsasoan ere hegoaldeko haizea ibiliko da datozen orduetan, eta metro eta erdiko olatuak espero dira arratsaldean. Hori horrela, alerta horian dago kostaldea 13:00etatik, eta Pasealeku Berritik oinezkoek soilik dute pasatzeko aukera k, ibilgailuentzako itxita baitago.
Nolanahi ere, gau partean etorriko da aldaketa, ipar mendebaldeko haizearekin bat. 22:00etatik aurrera alerta laranja ezarriko dute indarrean, eta ezingo dira ez oinezkoak ezta ibilgailuak igaro Pasealeku Berritik. Era berean, Leizaola pasealekua —Zurriolako morrua— eta Haizearen Orrazirako sarbidea ere itxita egongo dira.
Euskalmetek jakinarazi duenez, batik bat, bihar ibiliko da haizea zakar, eta Karlotta borraskak eragindako hondoko itsasoak olatu handiagoak sortuko ditu kostaldean. Bi metro eta erdiko olatuak espero dira bihar goizalderako, eta bost metroko olatuak izango dira eguna bukatzerako. Igande goizean ere, bost metro pasako olatuak mantenduko dira, eta egunarekin aurrera egin ahala, indarra galduko dute, eta baretzera egingo du. Hori horrela, gaur gauetik asteburua amaitzen den arte mantenduko dira itxierak.