Reala finalerdietan, bigarren zatian partida irauli ostean
Kopako final-laurdenak gainditu zituen ostegunean Realak, Levanteren etxean 1-2 irabazita. Horrela, 2019an egin zuen moduan, kopa irabazteko helburua duela erakusten ari da Natalia Arroyoren taldea, finalerdietarako sailkatu baita. Gaur eguerdian jakingo du zein izango den bere aurkaria, 13:00etan egingo baitute zozketa; Bartzelona, Athletic, Atletico Madril eta Reala daude finalerdietan.
Levanteren aurkako neurketako lehenengo zatia oso parekatua izan zen, baina etxekoak zortzigarren minutuan aurreratu ziren, Andonovaren gol bati esker. Txuri-urdinak partida berdintzen saiatu ziren etengabe, baina valentziarrak ondo aritu ziren defentsan, eta 1-0ekoarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, ordea, intentsitate handiagoarekin atera ziren donostiarrak, eta beraienak izan ziren azken 45 minutuan. Horrela, 57. minutuan Franssik berdindu zuen neurketa, eta Vanegasek garaipenaren gola egin zuen 70. minutuan.
Horrela, finalerdietarako txartela eskuratu dute donostiarrek, eta berriz ere historia egiteko bidean daude. Realeko neskak zein mutilak daude kopako finalerdietan, beraz, denboraldi benetan historikoa izan daiteke honakoa klub txuri-urdinarentzat.