Ategorrietako Maria del Carmen etxeko hirigintza operazioa ikertzen ari da Ertzaintza
Ategorrietako Maria del Carmen etxeko obren legezkotasunaren inguruan galdetu du EH Bilduk astelehen honetako Lurraldearen Garapen eta Plangintza Batzordean, eta hedabide honek jakin ahal izan duenez, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak azaldu du Ertzaintzaren Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko agenteak egon direla udaletxean, udal arkitektoari kasuaren inguruko informazioa eskatzeko.
Ancora Ondarearen Babeserako Elkartearen salaketa baten ondoren, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Fiskaltzak operazioa ikertzeari ekin zion abuztuan. Izan ere, hirigintza operazioaren legezkotasuna zalantzan jarri du Ancorak lanak iazko otsailean hasi zirenetik. Sei etxebizitza eraiki nahi dituzte bertan, eta Ancorak otsailean salatu zuen babestutako zenbait elementu bota egin zituztela, eta gogorarazi zuen etxea babestuta dagoela Eraikitako Hiri Ondarearen Babeserako Plan Berezian (EHOBPB), D graduarekin. Hau da, kanpoaldeko parte guztiak mantendu behar direla dio Ancorak, “arreta berezia jarriz fatxadako estalkiari eta bilbadurei, elementu iraunkorrak baitira”.
Horrela, elkarteak azaldu zuenez, Lurain XXI Promocion Inmobiliaria S.L. enpresak eraikinaren inguruko oinarrizko proiektua aurkeztu zuen 2021eko abenduan, han sei etxebizitza eta euren garajeak eta bestelako elementuak eraikitzeko helburuarekin. “Oso larria da elementu babestuak eraistea, eta are larriagoa suntsipenak babesten dituena Ondarearen Aholku Batzordea osatuko duen udal arkitekto bera denean”, nabarmendu zuen Ancorak.
Ategorrietako Galtzada Zaharrean dago eraikina, eta 1.976 metro koadro inguruko zuhaizti lursaila du. Ramon Kortazar arkitektoak diseinatu zuen eraikina, eta 1912an eraiki zuten; ondoren, 1946an, Florencio Mokoroa arkitektoak sinatutako eranskin bat gehitu zioten.