Basurtuko ospitalean ingresatu dute Juan Maria Uriarte gotzai emeritua, iktus bat izan ostean
Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emeritua (Fruniz, Bizkaia, 1933) Basurtuko ospitaleko zainketa intentsiboen unitatean ingresatu dute, iktus baten ondorioz, Bilboko Elizbarrutiak jakitera eman duenez.
Uriarte Teologian lizentziatua da Comillaseko Unibertsitate Pontifizioan (Cantabria, Espainia) eta Psikologian Lovainako Unibertsitatean (Belgika). Bere lehen apaiz urteetan Bilboko Seminario Txikiko hezitzaile eta Bilboko Seminario Nagusiko zuzendari espiritual izan zen (1963-1970). 1976ko irailaren 17an Bilboko gotzain laguntzaile izendatu zuten, eta urte bereko urriaren 11n sagaratu.
1991ko urriaren 17an Zamorako (Gaztela eta Leon, Espainia) gotzain izendatu zuten. 2000ko urtarrilaren 13an Donostiako gotzain izendatu zuten, Jose Maria Setienen lekua hartuz. Otsailaren 27an hartu zuen kargua eta Donostian egon zen hamar urtez prelatu gisa, Benedikto XVI.ak 2009an adinagatik uko egitea onartu zion arte.