Haize ufadek botatako zuhaitz batek bi pertsona zauritu ditu
68 eta 70 urteko bi lagun ospitaleratu dituzte, Hipodromoaren inguruan erori den zuhaitz baten kolpea jaso ondoren.
Azken orduetako haize ufadek Segurtasun sailaren interbentzio ugari eragin dituzte hirian. Horien artean larriena, eguerdian jazo da, hipodromoaren inguruan, bi pertsona ospitaleratu behar izan baitituzte. Segurtasun sailak jakinarazi duenez, Urbitarte pasealekuan paseoan zeudela, zuhaitz handi batek 70 urteko gizon bat harrapatu du, 12:30ak aldera. Abisua jaso bezain laster bertaratu dira Ertzaintza, Donostiako suhiltzaileak eta baita anbulantzia ere. Gizona askatzerakoan, bikotea ospitaleratu dute, emakumeak ere zuhaitz adarrek eragindako zauriak zituen eta.
Egunean zehar 119 kilometro orduko haize bolada bortitzak erregistratu dira Donostian, eta horrek esku hartze ugari eragin ditu. 150 izan dira, orotara, Udaltzaingoak, suhiltzaileek eta mugikortasuneko kideek egin behar izan dituztenak. Nolanahi ere, arinak izan dira nagusiki: batik bat, haizeak mugitutako hiri altzariak eta zuhaitz adarrak kudeatu behar izan dituzte.
Grosen, ordea, susto handia izan dute goizean, balkoi bat erori ostean. Zehazki, Karkizano kaleko 3 zenbakiaren seigarren pisuko bat izan da lurrera jausi dena. Zorionez, ez dago zauriturik eta kalea moztuta dago, suhiltzaileen lanak direla eta.