Ibaetako Euskaltzaleen Plazak autodefentsarako protokoloa aurkeztu du
EHUko Ibaetako kanpusean “nazkatuta” daude “euskararen zapalkuntzarekin”. Azaldu dutenez, urteak eman dituzte hezkuntza sistema euskaldun baten premia aldarrikatzen. Egun, nabarmena da “euskal materialaren eskasia”, gazteen irudiko, eta baita “gradua euskaraz osotasunean” egiteko ezintasuna ere. Arazoak, baina, ez du hobera egiten, eta konponbideen faltan, antolatu egin dira unibertsitateko ikasle eta langileak. Ibaetako Euskaltzaleen Plaza (IEP) plataformaren baitan dinamikak egin dituzte azken urteotan, eta horrek eman die hurrengo pausoa egiteko hatsa.
IEP plataformak hezkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa jarri du martxan. Aurkeztu berri duten egitasmoak bi helburu nagusi ditu: batetik, saretzea; eta bestetik, “zapalkuntza horiei” irtenbide bat ematea. Hala, erasoak identifikatu, salatu eta modu kolektiboan erantzuteko asmoa dute kideek.
Salatu dutenez, egoerak gainezka egin du eta eta azken urteotako “normalizazioarekin” apurtzeko garaia iritsi da: “Nazkatuta gaude gazteleraz matrikulatzea behartzeaz, hautazko ia guztiak, euskararen erabilera salbu, gazteleraz izateaz, kalitatezko materialik euskaraz ezin dugula ukan entzun behar izateaz, eta euskararen itzulpengintzako inbertsioa %0,043 ingurukoa izateaz. Hori horrela, halakoak salatzeko 621 345 185 telefono zenbakia jarri dute eskuragarri.