Marino Lejarreta omenduko du DBD martxa zikloturistak
Donostia-Baiona-Donostia martxa zikloturistak (DBD) iragarri berri du nor omenduko duen aurten: Marino Lejarreta Arrizabalaga txirrindulari historikoa (Berriz, Bizkaia, 1957). El Junco de Berriz ezizenez ezaguna den txirrindulariak 1980ko hamarkadan izan zuen bere kirol ibilbideko etapa onena, izan ere, besteak hainbat lorpenen artean, Espainiako Vuelta irabazi zuen 1982an eta Donostiako Klasikoa 1981ean, 1982an eta 1987an.
Apirilaren 13an egingo dute aurtengo DBD martxa zikloturista ez lehiakorra, Manteo kiroldegi ondotik abiatuta. Jaizkibelera abiatuko dira handik txirrindulariak, eta Hondarribira jaitsi ondoren, euskal erlaitzetik igaroko dira. Handik, ibilbide luzea egingo dutenak (123 kilometro) Sara aldera abiatuko dira, eta laburra egingo dutenak (82 kilometro), aldiz, Irunerantz itzuliko dira, Jaizkibel berriz igotzeko, kontrako norabidean. Ibilbide luzekoek ere Jaizkibel bigarrenez igoko dute bueltan, eta denek Manteon bukatuko dute.
Bera Berak antolatzen du martxa, 1.500 bat lagunek hartu ohi dute parte eta izena emateko epea zabalik dago, hemen. Iaz, Pedro Perico Delgado txirrindularia omendu zuten, eta martxan parte hartu zuen.