Take Kubok 2029ra arte berritu du Realarekin

Takefusa Kubok (Kawasaki, Japonia, 2001) kontratua berritu du Realarekin, eta gutxienez 2028-2029ko denboraldia amaitu arte jarraituko du elastiko txuri-urdina janzten. Astelehen goizean eman du klubak horren berri, behean ikus dezakezuen bideoaren bidez. Bertan, Kubok azaldu du “etxean bezala” sentitzen dela Realean, eta horregatik berritu duela kontratua.
Zu zara mailua,
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) February 12, 2024
Zu zara aizkora,
Gu gara egurra,
Gu gara burnia.
💙 Japoniatik Donostiara. Hain urrun eta hain hurbil. 𝗥𝗲𝗮𝗹𝗮, 𝗧𝗮𝗸𝗲𝗿𝗲𝗻 𝗲𝘁𝘅𝗲𝗮.#Take2029 | #WeareReal pic.twitter.com/KgngVVIhn3
Japoniarra duela denboraldi bat eta erdi iritsi zen Donostiara, eta oso maila onean jokatzen ari da ordutik, Imanol Alguacilen talde titularreko pieza garrantzitsua izanda: 71 partida jokatu ditu eta hamabost gol sartu ditu hegaleko aurrelariak. Jokalaria gazte hasi zen arreta deitzen, eta 2019an fitxatu zuen Real Madrilek bere bigarren taldean jokatzeko, baina Mallorcan (bi aldiz), Vila-realen eta Getafen utzita egon zen hurrengo denboraldietan, 2022an Realak fitxatu zuen arte.