Arbaizeneako zuhaitz eremu bat udal ondarearen parte izatera pasa liteke
Cayetano Martínez de Irujok, Albako dukesa zenaren semeak ez du ez hotelik, ez jatetxerik jarri mahai gainean, Arzallusen arabera.
Arbaizeneako zuhaitz eremu bat udal ondarearen parte izatera pasa liteke, lursailaren jabe den Cayetano Martinez de Irujorekin truke bat eginaz. Hala adierazi zuen atzo, Hirigintzako zinegotzi Nekane Arzallusek PPko Vanessa Velezek trukeren bat egongo ote litzatekeen galdetu ostean. “Aukera bat” zela adierazi zuen Arzallusek, eta hori adostuko balitz, Donostiako Udalak jauregiak duen baso eremuaren zati bat eskuratuko lukeela, eta horren ordez, hiriko beste lursail bat eskainiko lioketeela Arbaizeneako jabeei.
Nolanahi ere, gune horretan ez dela ez hotelik, ez jatetxerik ezartzeko aukerarik jarri mahai gainean Arzallusen arabera. Zinegotziak azaldu duenez, iazko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean jasotzen den lizentzia eskaera okerra da, jabearen asmoa ez baita jatetxe bat sortzea, finkako karpa batean ekitaldiak eta bazkariak egin ahal izatea baizik.
Erabilerarako negoziazioan
Duela egun batzuk bildu ziren Donostiako alkate Eneko Goia eta Hirigintzako zinegotzi Nekane Arzallus, Cayetano Martinez de Irujorekin. Arbaizeneako jabeak Aieteko finkaren espazioari erabilera irekiagoa emateko aukeraz hitz egiten nahi zuen. Nolanahi ere, udaletik baieztatu zutenez, ez zen lehen bi aldeen lehen bilkura izan, Martinez de Irujo harremanetan egon baita udalarekin azken aldian. Hirigintza zinegotziak azaldu zuenez, Albako dukesa zenaren semearen eskaintza “hiriari dion maitasuna” dela eta iritsi da. Nolanahi ere, onartu zuen, truke honen bitartez “etxearen mantentze gastuak ordaintzen lagun diezaiokeela”.