Astelehenean irekiko dute Parte Zaharreko osasun etxea
Hilaren 19an osasun zerbitzuak ematen hasiko dira Arrandegi eraikinean.
Azaroan amaitu ziren urteetako lanak, baina Parte Zaharreko osasun etxearen egoitza berria itxita mantendu dute otsailaren erdialdera arte. Datorren astelehenean amaituko da, ordea, denbora luzeko itxaronaldia, hilaren 19an irekiko baitituzte Aldamar kaleko osasun zentroko ateak. Arrandegi eraikinean kokatuta, lau solairutan banatu dituzte instalazioak, eta egun Esterlines kalean eskaintzen diren zerbitzuak ordezkatuko ditu. Espezialitate medikorik izango ez duen arren, 39 kontsulta, Etengabeko Arretarako Gunea (EAG) eta itxaroteko, erauzteko eta sendatzeko gelak izango ditu eremu berriak.
El Diario Vasco egunkarian jasotakoaren arabera, beheko solairuan ezarriko dute egun Bengoetxea kalean dagoen EAG gunea. Etengabeko Arretarako Gune berriak odola ateratzeko gela bat du, lau boxekin, baita kontsulta eta pazienteentzako egonkortze gela bana ere. Lehenengo solairua, berriz, familia medikuntzako hamazazpi kontsultak, pediatriako bi kontsultak eta sendaketa gela batek osatuko dute, eta bigarrenean, buru osasuneko zerbitzuak eskainiko dira, nagusiki. Azkenik, Osakidetzako langileen gure pribatu gisa erabiliko dute hirugarren solairua, bertan ezarri baitira, aldagelak eta bulegoak, besteak beste.
Aurkezpen ofiziala, bihar
6,8 milioi euroko inbertsioa izan duen gunearen aurkezpena egin behar dute bihar, Donostiako alkate Eneko Goiak tokiko gobernu batzarraren ostean azaldu duenez. Berarekin izango dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua ere. Eraikinagatik galdetuta, Goiak “harridura” sortuko duen gunea izango dela aurreratu du, Esterlines kalekoarekin alderatuta, “oso zabala” baita. Era berean, eraikinean bertan dagoen kirol kantxaren lanak amaitutzat eman dituztela iragarri du, eta Orixe ikastolaren beharrei erantzungo diela, bereziki.