Hirigintza zinegotziaren arabera, «legezkoa» da Xabi Alonsoren txaletak teilatu laua izatea
Donostiako Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek adierazi duenez, Xabi Alonsoren Igeldoko txaleta hasierako posizioaren gainean biratuta egotea gai “legeztagarria” da, txosten teknikoen arabera. Era berean, Arzallusen arabera, 2021eko maiatzaz geroztik, eraikuntzako ordenantza osagarriek aukera ematen dute kasu honetan eraikinaren teilatua laua eta landarediduna izateko (landa tipologiako teilatu inklinatua izan beharrean), lurzoru urbanizaezinean duen eragin estetikoa murrizteko. Udaleko Lurralde Garapen eta Plangintzako udal batzordean egin zituen adierazpenok Arzalluzek, atzo.
Gogoratu behar da Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak. Sententziak adierazi zuela txaleta legez kanpokoa dela, ez duelako zerikusirik lehengo baserria berreraikitzearekin, eta eraikinean ez dela bete landa tipologia errespetatzeko obligazioa. Horrez gain, estalki laua eraiki izana ere ilegaltzat jo zuten epaian.
Era berean, Hirigintzako zinegotziak ukatu egin zuen Martuteneko Goiatz Berri baserria ordezkatzeko sortutako eraikinak nekazaritza eta abeltzaintzan jardun behar duela nahitaez. “Inguruko lau baserrien gisan dago hau ere; berreraiki egin dira eta bakar batek ere ez du nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerarik”, esan zuen Arzallusek.
Zinegotziak adierazi zuen udaleko zerbitzu juridikoak kasua aztertzen ari direla, baina, Eneko Goia alkateak aurreratu zuen bezala, udalaren asmoa da helegitea jartzea udalak 2018an emandako lizentzia legez kanpokotzat jo duen epaiaren aurka.