Hirugarrenez zozkatuko dituzte Kontxako barandako zatiak
Kontxako barandako beste hainbat zati zozkatuko ditu udalak, zatiren bat eskuratu nahi duten herritarren artean. Baranda berritzeko lanekin hasi zirenetik, bi tarterekin egin du dagoeneko halako zozketa bat udalak, eta oraingoa hirugarrena izango da, Eneko Goia alkateak azaldu duenez.
Horrela, Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Juan Jose Pacheco Revueltari adjudikatzea zozkatzeke duten baranda tartea zatikatzeko lanen kontratua. Zortzi asteko epea izango du horretarako Pacheco Revueltak, eta 47.190 euroko aurrekontua. Alkateak azaldu duenez, baranda zatiak modulutan banatzea enpresa adjudikaziodunaren instalazioetan egin behar da, eta, beraz, kontratuaren barruan dago, piezak atera eta moduluak prestatzea, baranda zatiak udalaren biltegitik hartu eta lanak egin behar diren pabiloira eramatea, banakako moduluak enbalatzea eta haiek udalaren biltegira itzuli eta han pilatzea.
Horrela, barandaren azken zatia gelditzen da berritzeke, 200 metro bat metrokoa, eta 2024ko udal aurrekontuetan aurreikusita dagoena; hau da, aurten berritzea aurreikusten du udalak. Goiak gogorarazi du baranda “nahiko egoera txarrean” zegoela: “Kontu estetikoetatik harago, segurtasun kontu bat ere bazegoen, baranda heltzen duten harriak hausten ari baitziren”.