Mapandreak Donostiako kale izendegiko emakumeak nabarmendu ditu
Erakundeek emakumeen izenak ikusarazi nahi dituzte, eta mapa ilustratu bat sortu dute herritarren artean banatzeko.
Donostia Gazteriak Mapandreak programa sortu du, hiriko kale izendegian dauden emakumeak ikusarazteko. Hirian, eta oro har, Donostiako gizartean garrantzia handia izan duten emakumeen memoria eta ondarea berdintasunean baloratzea da egitasmoaren helburua. Hori horrela, emakumeen eskulturak, muralak edo horien izenak daramatzaten kale eta eraikinak seinalatu dituzte mapa ilustratu batean. Ideia eta diseinua Ane Chuecarena da eta ilustrazioak Laura Matesanz de la Mazak egin ditu.
63 espazio dira, orotara; eta, besteak beste, Clara Campoamor, Elbira Zipitria eta Katalina Eleizegi nabarmendu dituzte fisikoki kontsulta daitekeen ilustrazioan. Garrantzi handiko emakumeen izenak ez ezik, emakumez osaturiko langile taldeek ere dute euren tokia berdintasunaren mapan. Hala, Tabakalerako zigarro egileak, latsariak eta andereñoak oroitu dira, besteak beste. Cristina Lage Aniztasun, Inklusio eta Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, “kale eta plazetan emakumeen presentzia oso eskasa da oraindik”, eta besteak beste, berdintasunaren bidean lanean jarraitu behar dela ikusarazten du.
Ikusgarritasuna handituz
Donostiako Udaleko Berdintasun Bulegoak, “Emakumeon Donostia” izeneko mapa digitala plazaratu zuen 2019an. Mapandreak proiektua lan horren jarraipena da, eta digitalean egindakoaren osagarri gisa jardungo du, “lanen ikusgarritasun handiagoa lortzeko”. Orotara 500 ale argitaratu dira, eta hiriko hainbat lekutan banatuko dira.