Udalak apirilean hartuko du gehienez Bretxako emakidari buruzko erabaki bat
Prest daude Bretxako Arrandegi eraikineko instalazio berriak: Parte Zaharreko osasun zentroa eta kirol kantxa. Hala baieztatu du Eneko Goia alkateak astearteko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan, eta Bretxan oraindik egiteke dauden lanen inguruan ere hitz egin du.
Izan ere, gogoratu behar da eremuaren zati bat publikoa dela eta beste bat emakida bidez kudeatzen dela, Goiak berak Odon Elorza alkate ohiari erreferentzia eginez nabarmendu duenez, “alkate batek” erabaki zuelako merkatua emakidara ateratzea. Zati emakidadunaren lanak atzerapen handiekin doaz, eta Goiak deitoratu du Elorzaren erabakiaren “ondorio bat” dela hori. 2047ra arte dago indarrean emakida, eta eraikinean egin beharreko lanak emakidadunek egin behar dituzte, baina alkateak azaldu duenez, dagoeneko lan horiek hainbat epe ez dituzte bete, eta udalak lanean jarraitzen du emakidadunek bete ditzaten emakida akordioan ezarritako betebeharrak.
Horrela, alkateak adierazi du apirilean dagoela ezarrita emakidadunaren lanen azken epea: “Apirila iritsi aurretik eta aurreko epe partzialak bete ez dituztela ikusita, esan daiteke ezinezkoa dela emakidadunak bete ahal izatea bere gain hartu zituen betebeharrak”. Horrela, asko jota apirilean erabaki bat hartuko du udalak, baina Goiak ez du zehaztu emakida desegingo duten. “Udalak jarraitu behar dituen prozedura batzuk daude, emakidadunari exijitzeko hartutako konpromisoak bete ditzala. Eta ezezkoa daukagunean hartu ahalko ditugu erabakiak, baina udalaren asmoa da gaia geldirik ez gelditzea”, gaineratu du.
Bretxako bi eraikinen lanen kostua 30 milioi eurotan ezarri zen proiektua abiatu zutenean, eta, besteak beste, baserritarren postuak kristalezko pergola batean jartzea aurreikusten da. Izan ere, gaur egun daukaten karpa behin-behinekoa da, 2019ko martxotik.