Bihotzez elkarteak gorriz tindatuko du hiriko eraikin adierazgarrienak

Otsailaren 14a, maiteminduen eguna izateaz harago, Sortzetiko Kardiopatiaren Nazioarteko eguna ere bada. Bihotzez elkartean ondo baino hobeto dakite hori, eta ohiko moduan, Euskal Herriko eraikinen aurrealde mordoa gorriz tindatuko dituzte iluntzean. “Horrekin ikusmina sortzen dugu eta jendeak interesa adierazten du”, azaldu du Bihotzez elkartean gizarte langile den Oihane Gonzalezek.
Bihotzez 2011an sortu zen, kardiopatiak dituzten haurren guraso talde batek bultzatuta. Irabazi asmorik gabeko erakundean, askotariko zerbitzuen bitartez “arreta integrala” ematen dute, kardiopatiak dituzten pertsonen eta senideen bizi kalitatea hobetzeko.
Eskaintzen dituzten zerbitzuen artean, “funtsezkotzat” jotzen dute arreta psikosoziala. Haurdunaldian hasten dira familiekin lanean, orduan izaten baita unerik kritikoena, gizarte langilearen iritziz: “Informazio falta nabarmena izaten dute, beldurra nagusitzen den une batean”. Era beren, jarraipena egiten dute familiekin haurra jaio ostean ere, larritasun handiko ebakuntzek izaten sortzen duten ezinegona dela eta: “Ospitalean hilabetean igarotzeak traumak sor ditzake”.
Arlo psikologikoan ez ezik, hezkuntza alorrean ere jarraipena egiten saiatzen dira, ospitalean hilabete luzez igarotzeak zailtasunak eragiten baititu haurren formakuntzan ere: “Kognitiboki zer edo zer egon daiteke eta eskoletan ere profesionalekin hitz egiten dugu”. Nolanahi ere, kritiko dira elkartetik, gainerako adin tarteekin ez bezala, haurrekin exijentzia maila altua mantentzen delako baieztatuta: “Helduek gaixotasunen bat dutenean baja hartzen dute eta ez da ezer gertatzen. Haurrek, aldiz, denbora luzea pasatzen badute eskolako lanak egin gabe, zuzenean ikasturtea errepikatzen dute. Erakundeek enpatia handigoa beharko luketela uste dugu”.
1.000 haurretik zortzi
Askotarikoak dira sortzeko kardiopatiak, eta askotarikoak izan daitezke ere bizi kalitatean izan ditzaketen eraginak. “Finean, bihotzeko malformazioak dira; bihotz bereziak”, adierazi du Gonzalezek. Elkartearen arabera 1.000 lagunetik zortzi jaiotzen dira halako malformazioekin, eta ebakuntzak ohikoak izan ohi dira haur horien lehen urteetan: “Gaixotasun kronikoa denez, ebakuntza bat baino gehiago behar dituzte, organoak ere aldatzen direlako hezten doan heinean”, adierazi du Gonzalezek.