Ibaetara iritsi da 'Herri txiki, infernu handi' saioa
ETB 1eko umorezko saioaren grabazioak egiten dabiltza egunotan.

Bolo-bolo ibili da saioaren inguruko zurrumurrua Ibaetako bizilagunen artean, baina atzo auzotik paseatzeko beta izan zutenek beren begiekin egiaztatzeko aukera izan zuten. Herri Txiki, Infernu handi saioa Ibaetan da, eta auzotarrek Miren Nogales eta Mikel Pagadiren bisita izan dute egunotan. ETB 1eko saioaren denboraldia bueltan da, eta datozen asteetan Ibaeta eta Ibaetako bizilagunak izango ditu protagonista.
Auzoko kale eta bideetatik gora-behera ibili ziren aurkezleak atzo, eta dozena erdi bizilagunek hartu zuten parte grabaketan. Ohi bezala, ezagun eta ezezagun diren bitxikeriak kontatu, eta auzoko historia eta istorioak bilduko dituzte, Ibaetako lagunen bitartez. Hala, auzoko jaietako ohiturak ezagutzeko parada izateaz gain, inguruko baserri eta xelebre diren establezimenduen berri emango dute, emisio data zehazteke duen umorezko saioan.
Bakarkako grabazioak amaitu diren arren, saioaren gidariak bueltan izango dira Ibaetan, otsailaren 22an, osteguna. Telebistan igorri aurretik, emanaldia eskainiko dute Lautximeneta plazan, 19:30etatik aurrera. Hala, Miren Nogales eta Mikel Pagadik bakarrizketak egingo dituzte, eta ohi moduan, Sebastian Lizaso izango dute lagun, bideo proiekzioak bertsoekin girotzeko.