Parte Zaharreko osasun zentro berria inauguratu dute, Bretxako Arrandegi eraikinean
Gaur inauguratu dute Parte Zaharreko osasun etxe berria, Bretxako Arrandegi eraikinean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 6,8 milioi euro inbertitu ditu zentro honetan, eta hori dela eta, Donostiako Unibertsitate-Ospitaleak kanpo kontsultetarako gune berri bat izango du astelehenetik aurrera, orduan zabalduko baititu ateak lehenengo pazienteentzat. Ondorioz, Esterlines kaleko osasun etxea itxi egingo dute. Guztira, Parte Zaharreko eta Erdialdeko 13.650 bizilaguni eskainiko diote osasun arreta Arrandegi eraikineko zentro berrian.
Osasun etxe berriak lau solairu ditu, eta 2.185 metro koadroko azalera. Aldamar kaletik sartzen da eraikinera, eta sartu eta berehala, harrera lekua eta administrazio eremua daude. Lehen solairua kontsultetarako erabiliko da, eta bertan, familiako eta erizaintzako hamazazpi kontsulta, pediatriako bi kontsulta eta sendaketa gela bat egongo dira.
Bigarren solairuan, berriz, haurren eta gazteen osasun mentaleko zerbitzua egongo da, haur-psikiatriko hamasei gela eta nahasten mental larriko bi gela eta bi areto izango dituena. Bertan, Donostialdeko 18 urtetik beherako pertsonak artatuko dituzte, eta orotara —gutxi gorabehera— 56.353 pertsonari eskainiko dio zerbitzua gune honek.
Azken solairua Osakidetzako profesionalentzat izango da soilik, eta bertan izango dituzte bilera gelak, aldagelak eta atseden gela, besteak beste.
Eraikinaren diseinuari dagokionez, horma zuriak ditu eta argi naturala sartzen da, leihate handiak dituelako. Gelak handiak eta zabalak dira, eta elkarren artean konektatuta daude, osasun langileen arteko komunikazioa errazagoa izan dadin.
Etengabeko Arreta Gune berria
Donostiako Erdialderako Etengabeko Arreta Gune berria ere bertan kokatuko dute etorkizunean. Etengabeko Arreta Gune berri horrek Bengoetxea kalean dagoena ordezkatuko du, eta odola ateratzeko gela bat, lau box, kontsulta bat eta pazienteak egonkortzeko gela bat izango ditu.