Adineko pertsonen zalantza teknologikoak argituko dituzte unibertsitateko ikasleek
Aurrez aurreko zerbitzua eskainiko dute otsailaren 19tik 23ra bitarte, Arrasate kaleko 27 zenbakian, eta doakoa izango da.
Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko ikasleek Konekta-tu 2.0 bira Donostiara eramango dute otsailaren 19tik 23ra, Bilbotik eta Gasteiztik igaro ondoren. Ekimen honen bidez, adineko pertsonei digitalizatzen lagundu nahi diete, kolektibo horren arrakala digitala murrizteko. Horretarako, arreta presentzialeko doako zerbitzu bat emango da, eta bertan argituko dira mugikorrarekin edo Internetekin lotutako adinekoen zalantzak. Arreta hori, aurrez aurrekoa izango da, Arrasate kaleko 27 zenbakiko establezimenduan, 10:00-13:00 bitarte. Itxaronaldiak saihesteko, hitzordua hartu ahal izango da 623165837 telefonoan edo www.konektatu.com webgunean.
Arreta pertsonalizatu emango duen gazte taldeak eskarmentua du lan horretan, 2022an ere prestakuntza bira egin baitzuten Euskadiko eta Nafarroako zenbait hiri eta herritan: “COVIDaren garaitik irteten ari ginen, eta interes handia ikusi genien prestakuntza saioetako parte hartzaileei. Pandemian mugikorra erabiltzen trebatu ziren, baina artean errezeloa zuten onlineko erosketetarako, medikuarekin hitzordua eskatzeko eta bestelako ohiko jardueretarako erabiltzeko”, azaldu duten ekimenaren bultzatzaile Maria Belak eta Miguel Letamendik.
Gazte taldeko kideek azaldu dutenez, pertsona nagusiek askotariko zalantzak izan ohi dituzte, baina, batik bat, gailua euren beharretara egokitu nahi izaten dute: “Nola handiagotu mugikorreko letraren tamaina, nola egin bideodeiak Whatsapp bidez, nola editatu argazkiak eta nola erabili osasunari buruzko aplikazioak”. Azaldu dutenez, adineko askok ez dute onurarik ikusten gailu berrietan, “ez baitakite nola egin eta gaizki egingo dutelaren beldur direlako”, besteak beste. Nabarmendu nahi izan dute, baina, digitalizazioak badituela abantailak ere,eta haiek aprobetxatzeko informazioa izatea funtsezkoa dela.