Aritz Olagoi zubietarrak jaso du lehen Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria
Asteazkenean banatu da Eusko Jaurlaritzak sortutako Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria Donostiako Aquariumean, kirolean euskara sustatzen duten 100 bat eragileren artean. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Psikologian espezializatutako Aritz Olagoi zubietarrak jaso du lehen edizioko Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriaren eskutik. Euskara kirolean sustatzeko hainbat egitasmo propio sortu ditu Olagoik eta Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko (KEES) Metodologia garatzeagatik jaso du saria.
Eusko Jaurlaritzak sortutako sari honek bere egunerokoan euskararen erabilera sustatzen duten kirol klubak (profesionalak izan zein ez) eta norbanakoak saritzeko ideia dakar. . Ekitaldian, Zupiria sailburuak esan duenez, “euskararen bizi-indarra dugu jokoan eta eremu formalez gain, eremu ez formalak ere irabaztea izango da gure hurrengo urteotako erronka nagusia”. Zentzu honetan, urtarrilean Eusko Jaurlaritzak onartutako AROA Marko Estrategikoa aipatu du sailburuak eta aisialdia eta kirolaren eremuak gazteengana iristeko “esparru egokienetakoak” direla gehitu du.
Olagoiren KEES metodologia
Aritz Olagoi Psikologian Lizentziatua da eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Psikologian espezializatuta dago. Bere ibilbide profesionala psikologiaren, kirolaren eta euskararen inguruan burutu du. Esparru horretan, euskara kirolean sustatzeko hainbat egitasmo propio sortu ditu eta Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko (KEES) Metodologia garatzeagatik, batez ere, jasoko du saria.
Metodologia honek kirol hezitzaile edo entrenatzailea du ardatz, bera baita euskararen erabilera sustatzeko arduradun nagusia. Entrenamendu saioak euskaraz gidatzeko gaitasuna duten entrenatzaileak euskaraz egingo die haurrei beti eta entrenamenduetan zein partidetan informazioa, aginduak eta zuzenketak euskaraz emango ditu. KEES metodologiaren bidez entrenatzaileek baliabide eta tresnak ezagutuko dituzte gaur egun bizi dugun elebitasunezko errealitateak haurrekiko komunikazioan sortzen dituen egoerak kudeatu ahal izateko.
Añorga KKE
Ekitaldian zehar saridunari aitortza egiteaz gain, hautagaiei ere aipamena egin zaie, haiek egindako lana kontuan izateko. Tartean dago Añorga Kultur eta Kirol Elkartea, eta oroigarri bat banatu zieten ekitaldian