Bretxako kirol instalazioen erabilera Orixe ikastolari utziko dio udalak
Donostiako Udalak Orixe ikastolari utzi dio Bretxako Arrandegi eraikineko kirol instalazio berrien erabilera, ekainaren 21era arte. Hala aurreratu zuen Eneko Goia alkateak astearteko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan, eta gaur baieztatu du udalak. Ekainean, berriz baloratuko dituzte lagapenaren baldintzak, “auzoaren beharren arabera”, udalak azaldu duenez.
Alkateak adierazi duenez, emakida hau “ikastetxeak, besteak beste, kirol jarduerak, eskolaz kanpoko jarduerak edo jolas jarduerak egin ahal izateko dituen beharrei erantzuteko” egin dute lagapena. Horrela, gaineratu duenez, emakidaren lehen fasean, Orixek pisten erabilera esklusiboa izango du uda arte, eta datorren ikasturteari begira, interesa duten auzoko eragile guztien beharrak baloratuko dira eta ordutegi berriak eta erabilera baldintzak zehaztuko dira”. Hau da, udatik aurrera, auzoko beste eragileek ere instalazioak erabili ahal izateko aukerak aztertuko dituzte.
Baldintzak
Orixek astelehenetik ostiralera 09:00-19:00 ordutegian erabili ahalko ditu Arrandegi eraikineko instalazioak, eta larunbatetan 9:00etatik 14:00etara Eskola Kiroleko partidetarako. Ikastolako kultur eta kirol erakustaldietarako ere erabili ahal izango da, hala nola Euskararen Egunerako, inauterietarako, ikasturte amaierako festarako eta abarretarako. Bestalde, ekainera bitarte, udalak bere gain hartuko ditu ur, argi, aseguru, garbiketa, mantentze eta zabor bilketatik sortutako zerbitzu eta horniduren gastuak.
Ekainetik aurrera, aurreikuspena da Orixeren erabilera lehentasuna mantentzea, baina “auzoko beste behar batzuei ere erantzuteko sortutako gunea denez, ordutegiak, erabilerak eta mantentze baldintzak beste hainbeste kolektibo, erakunde eta elkarteren beharretara egokitzen joango dira partaidetza prozesu baten bidez”, udalak azaldu duenez.
“Eskola garaian haurren garapenaren testuinguruan hain beharrezkoa den jarduera fisikoa egin ahal izateko dauden espazio gabeziek eragin dute emakida hau”, udalak azaldu duenez. “Orixeko Zuloaga zentroak 2 eta 8 urte bitarteko 225 haur baino gehiago hartzen ditu, baita Haur Eskolan matrikulatutako 0-2 urtetik beherakoak ere, gaur egun San Telmo edo Trinitateko plaza publikoetan aisialdia eta jarduera fisikoa egiten dutenak. Egoera hori dela eta, haur txikiak eskolara joan eta etorri ibili behar dira etengabe, eta, azken urteotan, hori zaildu egin da, inguruan dabilen jende kopurua hazi delako”, gehitu du udalak.
Kirol instalazio berriek 1.029 metro koadroko azalera erabilgarria dute, eta eraikinaren beheko solairutik dute sarbidea, Aldamar kaletik. Bigarren solairuan, kirol anitzeko 638 metro koadroko pista, aldagelak, biltegiak, komunak, bulegoa eta garbiketa gela daude. Eta, hirugarren solairuan, erabilera anitzeko gela bat, komun egokituak eta balkoi moduko korridore bat, pistako luzetarako ardatzean zehar garatzen dena, bertan egiten diren jarduerak ikusteko aukera emanez.