Realaren gol faltak eta PSGren eraginkortasunak erabakitako neurketa
Lehenengo 60 minutuetan gehiago merezi izanda ere, aldapan gora jarri zaizkio Realari Txapeldunen Ligako final-zortzirenak, 2-0 galdu baitzuen atzo Paris Saint Germainen (PSG) etxean, Printzeen Parkean. Areetan erabaki zen neurketa: Realak ez zuen asmatu frantziarren arean, eta PSG fin ibili zen donostiarrenean. Hori da Mbappe eta Dembeleren moduko izarrak edukitzearen abantaila, bereziki ondo jokatu gabe ere edozein jokalditan partida hautsi dezaketela.
Ausart eta indartsu atera zen Reala zelaira lehenengo minututik, goian ondo presionatuz eta zelai erdia menderatuz, Zubimendi-Merino-Brais hirukotearen bidez. Hain zuzen ere, txuri-urdinenak izan ziren lehenengo gerturaketak: Silvak area kanpotik egindako jaurtiketa bat kanpora bidali zuen lehenengo minutuan eta Andre Silvak burukada bat kanpora bidali zuen 22.ean. Tartean, Mbappek lehenengo abisua eman zuen, jaurtiketa gurutzatu batekin, baina Remirok geldialdi bikaina egin zuen.
Barrenetxeak erdipurdiko partida egin zuen, eta Kubo izan zen lehenengo zatian Realaren erasoan arrisku gehien sortu zuen jokalaria; bazirudien Beraldok ezin zuela berarekin. Ordea, ezin izan zuen arrisku sentsazioa gol bihurtu, bere erabaki txar batzuk eta Andre Silvaren partida txarra medio. Izan ere, portugaldarra ez zen batere fin ibili kontroletan, mugimenduetan, eta abarretan.
Oiartzabal hamaikakoan sartuko zela zirudien neurketaren aurreko orduetan, baina harmailetatik ikusi zuen neurketa azkenean. Kapitaina ez da golegile bereziki ona ere, baina badirudi bera gabe txuri-urdinak ez direla golik sartzeko gai, Sadiq oso trakets baitabil golak egiteko garaian eta Silvak ez du bere forma onena guztiz berreskuratzen. Horren ondorioa argia da: azken bost partidetan Realak ez du gol bakar bat ere sartu.
Imanol Alguacilen taldea behin eta berriro saiatu zen lehenengo zatian, eta markagailuan aurreratzea ere merezi izan zuen, PSG baino hobeto aritu baitzen. Aukerarik argiena Merinok izan zuen atsedenaldia iristear zenean, area kanpotik jaurtiketa bikain bat egin baitzuen, baina zutoinera bidali zuen. Hori sartu izan balitz, ziur aski, oso bestelakoa izango zen gaurkoan realzaleen sentipena.
Bigarren zatian, alde fisikoa nabaria
Ondo hasi zuten bigarren zatia txuri-urdinek, baina futbola detaileetan erabakitzen da askotan, eta halako batean aurreratu zen PSG, 58. minutuan. Korner batean Marquinhosek zorte handiarekin baloia ukitu zuen, eta, Realak gaizki defendatuta, Mbappe bakarrik iritsi zen bigarren zutoinera eta ez zuen barkatu. Urduritasuna sartu zitzaion Realari, eta oraindik minutu on batzuk izan bazituen ere, bi taldeen arteko alde fisikoa nabaria izan zen hortik aurrera, txuri-urdinak gero eta mantsoago jokatzen hasi baitziren eta PSG gero eta erosoago baitzegoen. Horrela, beste gol aukera argi bat izan zuen Mbappek handik gutxira: jaurtiketa bikain bat egin zuen 63. minutuan area kanpotik, baina Remirok baloia ukitu eta zutoinera bidali zuen.
Eta, handik minutu batzuetara, 70.ean, Barcola abiaduran joan zen ezker hegaletik, Traore errazegi gainditu zuen, eta bikain definitu zuen Remiroren aurrean. Bi eta hutsekoa zen, eta partida oso aldapan gora jarri zitzaion Realari orduan. Takek, nekeak jota, dagoeneko ez zuen lehenengo zatiko arriskua sortzen, eta aldaketek ere ez zuten eraginik izan —Zakharyan (66. minutuan, Barrenetxearengatik), Turrientes (79.ean, Braisengatik), Sadiq (79.ean, Silvarengatik), Pacheco (79.ean, Le Normandengatik) eta Aramburu (88.ean, Galanengatik)—. Etxekoek aldea handitzeko aukeraren bat gehiago izan zuten eta Pachecok ere alde murriztu ahal izan zuen amaieran korner baten ostean, baina markagailua ez zen mugitu.
Lehenengo zatia ikusita, zigor handiegia izan zen atzokoa Realarentzat, baina Europako maila gorenean ezin da horrenbeste barkatu, are gutxiago PSGren mailako taldeen aurka. Hala ere, itxaropena ez dago galduta, eta oso zaila izango bada ere, Anoeta galdara bat izango da martxoaren 5eko itzulerako partidan, kanporaketari buelta ematen saiatzeko. Txuri-urdinek denboraldi honetan bertan erakutsi dute edonor garaitzeko gai direla; gau historikoa izango al da martxoaren 5ekoa?