Udal gobernua turismo ostatuen inguruko moratoria «hauteskunde giroan» onartzera doala kritikatu du EH Bilduk
Iazko martxoan ezarri duen Donostiako Udalak hirian hotel eta etxebizitza turistiko berriak irekitzeko baimenen inguruko urtebeteko moratoria, eta, beraz, laster beteko da moratoria horren epemuga. Udal gobernuak behin baino gehiagotan adierazi du hirian hotel eta etxe turistiko berriak irekitzea behin-behinean galarazten duen neurri hori luzatzeko asmoa duela, hiri antolamenduko plan orokorra onartu bitarte. Ordea, epemuga heltzear dela eta, EH Bilduk udal gobernuaren “utzikeria” salatu du ostegun goizean Ricardo Burutaran eta Markel Ormazabal zinegotziek eman duten prentsaurrekoan: “Kasualitatea izan ala ez, udal gobernu honen utzikeria salatu eta garaiz ez iristeak dakartzan arriskuez ohartarazteko agerraldi honetarako komunikabideei dei egin eta biharamunean, otsailaren 21ean bilera batera deitu gaituzte. Bilera horren zain gaude iragan urriaz geroztik. Urte osoan behin baino ez gara elkartu”.
“Martxoko iragarpen harekin, udal hauteskunde aurreko testuinguruan, Udal Gobernuak bertan behera utzi zituen lizentziak eta baimenak, iradokiz, aldi batez behintzat, bere irizpidea zalantzan jartzen zuela, alegia, oker ari zirela”, gaineratu dute zinegotziek. Ordea, moratoriaren ondorioak bertan behera gelditzeko “arriskua” dagoela ohartarazi dute, epemuga iristear delako: “Zertan egon dira EAJ eta PSE-EE urte honetan zehar? Ezer gutxi dakigu”.
Horrela, moratoria luzatu ahal izateko egutegia estua dela gogorarazi dute: “Epe barruan onartua izan dadin, martxoko udalbatzarrera eraman beharko litzateke, hau da, martxoaren 21ean. Beraz, eta berandu gisa, otsailaren 27ko Tokiko Gobernu Batzarrean onartu beharko litzateke. Hau da, bi aste falta dira. Edonola, indarrean sartu dadin, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da apirilaren 18a baino lehen. Udal Gobernu honek erabaki bat hartu beharko du: aldaketa puntual hau onartzen duen ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, beste bi urtez luzatuko litzateke moratoria”. Horrela, erabakia “hauteskunde giroan” eta “in extremis” hartuko dutela salatu dute.
Auzo gehiagotara zabaltzeko beharra
Moratoriatik harago, EH Bilduren ustez, turismoaren eta horrekin lotura duen etxebizitzaren prezioaren inguruko erregulazio neurriak hiriko auzo gehiagotara zabaldu behar dira: “Ez da nahikoa Gros, Antigua eta Erdialdea, Parte Zaharra barne, eremu saturatu izendatzea. Funtsezkoa da eremu mugakideetan ere eragina izango duela aurreikustea, “olio orbanaren” eragina egon badagoelako. Amara, Egia, Arriola, Ategorrieta eta Intxaurrondo babestea proposatzen dugu”.
Horrez gain, oposizioko alderdiak “beharrezkotzat” jo du “elizak, komentuak edo etxe historikoak, eremu saturatuetan egon arren, hotel berriak irekitzeko bide hori ezabatzea”. “Arreta berezia jarri beharko litzateke Ategorrieta aldean, adibidez. Ad hoc egindako salbuespena al da? Mariaren Bihotza edo Pio X.aren kasuak ere aipa ditzakegu, biak Grosen. Eta ikastetxe erlijiosoetan eta komentuetan ezartzeko aukera kontuan hartzen badugu, hainbat izan daitezke kasuak”, gehitu dute.
Era berean, zalantzan jarri dute “honaino ekarri gaituztenek” egoerari irtenbide bat emango diotenik: “Adibideak badaude: Zubietako kaleko 3. ataria, etxebizitza bloke osoa dago luxuzko alokairu turistikora eskainia. Kasu honek 2019an du jatorria, promotore bati lizentzia bertan behera utzi zitzaionean bizilagunez hustu ondoren, higiezin osoa hotel bihurtzeko. Eta erabaki hau ere hauteskunde aurreko testuinguruan hartua izan zen. Orduan, eraikin oso baten erabilera aldatzeko aukera mugatzeko prozedura abian zen, bizitegitik hirugarren sektorera aldatzeko, hain zuzen. Udal Gobernuak neurri hori tresna eraginkor gisa aurkeztu zuen, “etxebizitza eremuak babesteko, Erdigunea bizileku gisa lehenetsiz, presio turistikoaren eraginez ingurua bizilagunez hustea saihesteko”. Bada, gaur egun, bloke osoak ostatu turistiko gisa funtzionatzen du. Inork ez du azalpenik emango? EH Bilduk eskatuko ditu”.
“Proposatzen dugu guztiz ezabatzea erabilera turistikorako ostatuak ezartzeko aurreikuspena biztanleriaren arteko orekaren langa gainditzen diren auzoetan hala nola gentrifikazioa ematen den auzoetan […]. Gobernu talde honek ezarri dituen helburuak ez dira egingarriak iragarri dituen neurriekin. Horregatik, akordio baten beharra azpimarratzen dugu, helburu horiek bideragarri egiten dituzten proposamenak ditugulako”, gaineratu dute.