2025 urtearen hasieran lekualdatuko dituzte Martuteneko espetxeko presoak Zubietara
2025 urtearen hasieran eramango dituzte Martuteneko espetxeko presoak Zubietako kartzela berrira, Eneko Goia Donostiako alkateak jakinarazi duenez. Loiolara bisita bat egin zuen alkateak atzo, beste agintari batzuekin batera, Urumean egingo dituzten egokitzapenen berri emateko, eta bertan egin zituen adierazpenok.
Zubietako kartzela berriaren egoerari buruz galdetuta, Goiak azaldu du Espetxe Erakundeen aurreikuspena dela “aurtengo udazkenerako amaituta egotea”, barruko ekipamendu guztiarekin batera. Hala ere, jakinarazi du horren ostean beharrezkoa izango dela proba fase bat, eta baita kartzelarako langile berriak kontratatzeko fase bat ere. Aurreikuspenen arabera, “urtea amaitu arte” luzatuko dira fase horiek.
Hori dela eta, gaur egun Martutenen dauden presoak ez dituzte Zubietara lekualdatuko datorren urtearen hasierara arte, printzipioz.