Baserritar agroekologikoek euren lana zaindu dezaten eskatu diete erakundeei
Betebehar burokratikoak arindu nahi dituzte, eta belaunaldi erreleboa ziurtatu, osasuntsu jateko aukera bermatu dezaten etorkizunean ere.
Gipuzkoako baserritar agroekologikoek euren ahotsa entzunarazi nahi izan dute, lehen sektorearen protesta betean. Gipuzkako Foru Aldundiaren aurrean bilduta, bertako eredu agroekologikoaren alde egiteko eskatu diete erakundeei, “hondamendi ekologikoaren” aurrean, “elikagai osasuntsuak” bermatu eta sektorearen belaunaldi erreleboa ziurtatzeko. Lanabesak esku artean eta aldarriak soinean, merkataritza libreko itunek eragindako “mundu osoko nekazari eta abeltzain lehia gupidagabea” eteteko eskatu dute bertaratu diren dozenaka nekazarik.
Egurra eta kandela kolektibotik adierazi dutenez, baserritar asko “ekoizpen prezioetatik behera saltzen” dabiltza, azalera handiko supermerkatu eta banatzailek, hala eraginda eta ezinbestekotzat dute “prezioen erregularizazioa”. Era berean, kezkatuta agertu dira trantsizio energetikoaren legearekin: “Gure mendiak ustiatzeko bideak irekiko dizkiete multinazionalei eta inbertsio funtsei. Hainbat eskualdetan, nekazaritza eta abeltzaintzarako gelditzen diren lursail apurrak bereganatuko dituzte enpresak horiek eta herri txikietako bizitza agortuko da”.
Inguruko nekazaritza politikak ere salatu dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik jasotzen dituzten “erantzun epelak” nabarmenduta: “Gure proposamenak gutxiesten dituzten moduan, eredu agroindustrialaren zutabeak dira eta ito egiten gaituzte haien eskakizun burokratikoekin, elikagai sintetikoen industria bultzatzen dutenean edo nekazaritza proiektu handietan diru publikoa gastatzen dutenean”.
Horren aurrean, nekazaritza familiarraren aldeko aldarria egin dute, elikagai osasuntsuak bermatu eta belaunaldi erreleboa ziurtatzeko. Baserritarren euren eguneroko lanarekiko errespetua eskatu dute, tokian tokiko kontsumoaren bitartez, herri txikietako bizitza mantendu eta komunitateari “kalitatezko elikagaiak” eskaintzeko.
Elkarretaratzea amaitutakoan, dozena erdi lagunek Gipuzkoa plazako lorategietan lurrak landu eta tipula gorria landatu dute.