Dokaren aldeko umore gaua antolatu dute Añorgan
Dokaren itxiera mugagabea dela eta, Antiguako aretoaren aldeko umore gaua antolatu dute Añorgako zineman, martxoaren 15erako (20:00). Añorgako gazte asanbladak eta Añorga Kulturak antolatu dute egitasmoa, eta bost umoregile ariko dira bakarrizketak egiten: Ana Goitia, Ion Martinez Txiki, Antton Telleria, Jon Plazaola eta Maialen Sorzabalbere. Sarrerak Dokaren webgunean daude salgai, 10 euroan.
Egun batetik bestera erabaki behar izan zuten Dokako arduradunek aretoa ixtea, abenduan, sabaiko egituran “kalte larriak” aurkitu zituztelako. Hala azaldu zuten: “Ustekabean sabaiko egituran kalte larriak identifikatu ditugu, kanpotik eraginda izan daitezkeenak. Horren jakitun, arduraz jokatzea dagokigu eta aretoa ixteko beste erremediorik ez dugunez, halaxe egitea erabaki dugu. Gure lehentasuna langile, artista zein zuon segurtasuna bermatzea da, eta, hortaz, gaurtik aurrerako programazioa bertan behera geratuko da”.
Dokaren itxiera mugagabeak hutsune bat utzi du Donostiako eta, bereziki, Antiguako kultur eta aisialdi panoraman. Musika talde askorentzat Donostian jo ahal izateko espazio bakarrenetakoa da Doka, eta joan den urtetik, euskal umoregintzarentzat ere espazio garrantzitsua da, bertan hasi baitziren antolatzen Karkarkar stand up probalekua. Hain zuzen ere, probaleku horretan parte hartutakoak dira Añorgako umore gauean parte hartuko duten umoregileak.