Donostiako autobus zahar bat eman diote Gipuzkoako Autobusaren Lagunak elkarteari
Dbusek eta Gipuzkoako Autobusen Lagunak elkarteak akordioa sinatu dute, elkarteari Donostiako autobus konpainiaren ibilgailu zahar bat emateko. 2004an Dbusen flotatik erretiratutako autobus bat da, 318 zenbakiduna eta Mercedes Benz markako 0405 modelokoa. Hemezortzi urtez erabili zuen Dbusek hirian zerbitzua emateko.
Dbusek berak azaldu duenez, “1987an, konpainiaren lehen zerbitzuaren mendeurreneko urte berean, Mercedes Benz markako lehen autobus sorta bat jaso zuen konpainiak, 33 autobuseko sorta bat, eta horietako bat da Mercedes Benz markako 0405 modeloko ibilgailu hori. Ordura arte, hirian ibili ziren autobusak Pegaso markakoak izan ziren. Autobus horiek sartutakoan, zoru altuko autobusak deiturikoak, hau da, eskailera mailak zituzten autobusak ez ziren gehiago erabili. Ibilgailu horiek kendu ahala, %100 irisgarriak diren eta zoru baxua eta mugikortasun urriko pertsonak edo haurren kotxeak edo aulkiak sartzeko arrapala duten autobusak sartzen joan ziren, kendutakoen ordez”.
Gaur egun, Dbus murgilduta dago bere flota elektrifikatzeko prozesuan, 2030erako flotako ibilgailu guztiak guztiz elektrikoak izatea baitute helburutzat. Horrela, kotxetegietan elektrifikazio lanak egiten ari dira, eta aipaturiko autobus zaharra gordetzen zuten guneari zuzenean eragiten diote lanek; horregatik erabaki dute autobusa kotxetegietatik ateratzea.
Hain zuzen ere, autobusa dohaintzan jaso duen elkartea izan da 2004tik hona ibilgailua mantentzeaz. Orain, ordea, Dbusek ez daukanez “kotxetegietan mantentzeko lekurik eta baliabiderik”, elkarteari dohaintzan ematea erabaki dute. Hala ere, bi erakundeek adostu dute “elkarlanean aritzea ekitaldi berezietan, hala nola urteurrenetan, erakusketetan, eta abarretan, konpainiarekin lotutako hainbat material historiko eskainiz, eta, baita ere, Dbusek hala eskatzen badio, gertakari puntual horietarako 318 autobusa utziz ere”.
Gipuzkoako Autobusen Lagunak elkartea 2007an sortu zen, Dbuseko langile talde baten eskutik, konpainiak jada erabiltzen ez dituen ondasun materialak mantentzearekin eta kontserbatzearekin lotutako jarduerak proposatzeko eta enpresa zuzendaritzarekin batera jarduera horietan aritzeko. “Hamazazpi urte geroago, harreman hori sendotu egin da bi aldeek sinatutako akordio honekin”, nabarmendu du Dbusek.