Emakume bati sexu erasoa egiteagatik atxilotutako sei pertsonak aske utzi dituzte, horietako bost karguekin
Donostiako Udalak gaitzespena adierazteko elkarretaratzea deitu du, bihar, hilak 17, 12:00etan Alderdi Ederren.
Udaltzaingoak sei pertsona atxilotu ditu azken orduetan Donostian adin nagusiko emakume bati ustez sexu erasoa egiteagatik, lapurtzeagatik eta bere borondatearen kontra atxikitzeagatik. Emakumeak atzo jarri zuen salaketa, eta seiak epailearen eskuetatik pasatu ostean aske utzi dituzte: bost karguekin eta bat kargurik gabe. Ikerketak irekita jarraitzen du.
Donostian izan den azken sexu eraso honen aurrean, adierazpen instituzionala egin du Donostiako Udalak, eta horren bidez, azaldu du udalak “erabateko irmotasunez” gaitzesten duela emakume honek jasandako sexu erasoa. “Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste gertaera bat izan da”, adierazi du.
Era berean, “babesa eta elkartasuna” adierazi diote eraso “tamalgarri” honen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere. “Udalak indarkeria egoerak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten emakume guztiei jakinarazten die laguntza behar eta nahi izanez gero udalak dituen zerbitzu eta baliabideetara jo dezaketela”, gogorarazi dute.
Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren “adierazpenik higuingarrienak” direla nabarmendu dute, udalak “guztiz gaitzesten” dituela: “Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizarte, mugimendu feminista eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Eta sexuen hezkuntza lantzea, horiek kudeatzeko trebetasunak eta baliabideak emateko. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela”.
Donostiako Udalaren adierazpenarekin bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak ere: “Gipuzkoako Foru Aldundiak, adierazpen instituzional honen bidez, bere gaitzespen irmoena adierazi nahi du Donostian gertatutako sexu erasoaren aurrean. Era berean, Foru Aldundiak bere gertutasuna eta elkartasuna adierazten dio biktimari, bai eta haren senide eta hurbilekoei ere”.
“Berdintasunaren aldeko aldarrikapena” azpimarratu aldundiak. Nabarmendu duenez, emakumeen eta gizonen berdintasuna errespetatzea, bai eta pertsonaren duintasuna, sexu askatasuna eta osotasun fisikoa errespetatzea ere, “eskubide bortxaezinak” dira; “eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik gure gizartean”. “Berriz ere adierazi nahi dugu indarkeria sexistarik gabeko kaleak, auzoak, udalerriak eta hiriak nahi ditugula”, adierazi du.
Erasoen aurkako elkarretaratzea
Donostiako Udalak gaitzespena adierazteko elkarretaratzea deitu du, bihar, hilak 17, 12:00etan Alderdi Ederren. Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du deialdiarekin, eta herritar guztiei dei egin die kontzentrazioan parte har dezaten.