«Garrantzitsua da begirada gordina edukitzea»
'Betazalak' diskoa argitaratu berri du Xabi San Sebastian musikariak (Antigua, 1967), bere bakarkako ibilbideko bosgarrena. Bakarkakoa bada ere, maila handiko bidelagunak izan ditu, eta Xabier Leteren «begirada gordin eta kritikoak» eragin handia izan duela nabarmendu du. Hurrengo ostiralean aurkeztuko du zuzenean, Hernaniko Biteri Kultur Etxean, 19:30ean.
‘Betazalak’ diskoa argitaratu berri duzu. Pozik gelditu zara emaitzarekin?
Oso pozik. Bi urteko lana izan da, mimoz egin nahi nuelako dena: kantak egin, birpentsatu… guztiz ziur egon arte ez dut kanta bat bukatutzat eman. Eta, gainera, inguruan oso ekipo ona izan dut: hitzetan Beñat Gaztelumendi, Harkaitz Cano eta Iñigo Astiz daude, eta, musikari lanetan, Karlos Aranzegi, Nando Neira, Arkaitz Miner, Satxa Soriazu, Nahia Valle, Pello Gorrotxategi… denak ezagunak aspalditik, lagunak asko, eta oso onak bakoitza bere arloan. Nahasketetan Mikel Fernandez egon da, eta bere lana ere nabarmentzekoa izan da.
Durangoko Azokan aurkeztu zenuten diskoa.
Ahotsenean egin genuen lehenengo aurkezpen txikia. Niretzat, oso garrantzitsua zen ikustea nola funtzionatzen zuen taldeak zuzenean, eta oso pozik gelditu nintzen emaitzarekin. Oso harrera ona izan dugu orain arte, bai lanari dagokionean eta baita zuzeneakoari dagokionean ere.
Folk kutsu handiko diskoa da.
Folk kantautore baten diskotzat daukat lana, folka era zabal batean ulertuta. Euskal kantautoreen eragina ikusten dut abestietan, eta, musikalki, azken urteotan asko entzun ditut kantautore irlandarrak, eskoziarrak eta estatubatuarrak, eta lanak horren eragina ere baduela iruditzen zait. Hala ere, duela gutxi irlandar bati erakutsi nion diskoa, eta ez zuen ikusi Irlandako folkaren eraginik [barrez].
«Kritika oso beharrezkoa da gure gizartean, eta artistak bere ikuspuntua eman behar du»
Nolakoa izan da diskoaren sorkuntza prozesua?
2020an, Xabier Leteren kantagintzaren inguruko Loreak eta zauriak ikuskizuna egiten aritu ginen Beñat Gaztelumendi, Joserra Senperena, Quico Puges eta laurok, eta asko markatu ninduen Leteren kantak jendaurrean abesteak. Oso serio hartu nuen, eta emanaldi bakoitzean ia negar egiten nuen. Emozio horrek nire barnean jarraitu du, eta, ordutik, asko nabaritzen dut Xabier Leteren eragina nire kantak egiterakoan. Bai bere begirada gordinari dagokionez, eta baita bere begirada kritikoari dagokionez ere. Orduan, erabaki nuen kantautore folk disko bat egitea, begirada kritikoarekin. Baina ez soilik kritikoa; esan ohi dut nire hitzak poetiko-politikoak direla.
Garaiaren kronika egin behar du artistak?
Nik uste dut baietz, baina ez dago oso modan. Urte askoan, kantautoreek eta taldeek egindako gizarte kritika oso presente egon da, baina gaur egun ez dago oso modan, eta nik faltan botatzen dut. Kritika oso beharrezkoa da gure gizartean, eta artistak bere ikuspuntua eman behar du. Artistak ez du zertan erosoa izan boterearentzat, independentea izan behar du, eta hori apur bat ahazten ari zaigula iruditzen zait. Beti daude salbuespenak, noski, baina joera hegemonikoa ez da boterearekin kritiko izatearena.
Egia esan, hau nire disko politikoena da, orain arte ez baitut behar hori sentitu. Xabier Leteren abestiak kantatzeak, ordea, leku horretan jarri ninduen, eta gauzak esan behar dira.
«Artistak ez du zertan erosoa izan boterearentzat, independentea izan behar du, eta hori apur bat ahazten ari zaigula iruditzen zait»
36ko gerran desagertutako zure birraitonari eskainitako abesti bat dago diskoan: ‘Andresi’. Oso presente egon da gaia zure familian?
Bai, baina tabu bat izan da era berean. Hitz egiten zen, baina oso zeharka. Nik beti izan dut birraitonarekin gertatutakoaren inguruko jakin-mina. Birraitona errioxarra zen, baina Donostian bizi zen, eta gerra garaian Bilbora ihes egin zuen, handik Santanderrera eta han atxilotu eta El Duesoko espetxera eraman zuten. Han oso gutxi iraun zuen, eta ez zen itzuli. Hori zen duela gutxi arte genekien guztia.
Gaia ikertzen hasi nintzen, eta Aranzadiren txosten bat jaso genuen. Han jartzen zuen kartzelatik ospitale militarrera eraman zutela, eta han hil zela, arrazoi naturalengatik. Frankistek emandako datuak dira, noski, eta beraz, ez dakigu fusilatu egin zuten, hotzez edo gosez hil zen… Datu ofizialek diote Santoñako hilerrian dagoela lurperatuta, baina nik hilerriko arduradunekin hitz egin dut, eta han ez dakite ezer. Kontua da Santoñan ez dela ezer mugitzen gai honen inguruan, nahiz eta badakigun han jende asko dagoela gerraren testuinguruan lurperatuta. Santoñako izaeran oso errotuta daude Guardia Zibila, kuartela eta kartzela bera, eta, beraz, pentsatzen dut oso zaila dela han ezer ikertzea. Baina han zerbait egin beharko da noizbait.
Andresi abestiarekin, birraitonaren duintasuna aldarrikatu nahi izan dut, erakusteko berarekin gogoratzen garela.
Badago diskoan zuretzat berezia den beste abestiren bat?
Nire semeari eskainitako Gure begien distira, adibidez. Nolabait, abestiarekin adierazi nahi izan dut belaunaldiz belaunaldi duintasun nahi hori bizirik mantentzen dela, eta nik hori nire semeari transmititu nahi diot.
Eskubidea daukagu gauzak nola diren jakiteko, eta garrantzitsua da begirada gordina edukitzea, gauzak nola diren ikusteko. Hala ere, ezin dira beti betazalak irekita eduki; noizbehinka itxi egin behar dira, gordintasunari denbora guztian begiratuz gero, begiak lehortu egiten baitira. Hain zuzen ere, hortik dator diskoaren izena. Diskoan diodan moduan, garrantzitsua da adimenean ezpata bat edukitzea, lainoetan zulo bat egin eta inguratzen gaituena nolakoa den ikusi eta bakoitzak bere erabakiak hartzeko. Izan ere, gero mundu honetan bizi behar da, eta ez da erraza, baina gauzek nola funtzionatzen duten jakin behar dugu.