Jolastoki seguru eta berdinzalea
Badira urteak Hezkuntza Sailari eta udalari gure patioa estaltzeko eskaera egin geniela eta azkenean badaukagu gure jolastoki berria.
Gure ikastolan jolastoki berria estreinatu dugu. Jakintza ikastolan ikasi duzuenok edo seme-alabak bertan dituzuenok badakizue gure jolastokiak ez zuela teilaturik, eta, beraz, euria egiten zuen egunetan ez genuela aterperik guztiontzat, eta egunaren arabera, talde batzuk geletan geratzen ginela.
Irailaren erdialdera prest egongo zela aurreikusita zegoen, baina askotan gertatzen den moduan, atzerapena egon zen, eta urria hasita inauguratu genuen… a zer aldaketa! Benetan merezi izan zuen itxoiteak! Oso toki goxoa, koloretsua, jolas aukera anitzekin eta estalia daukagu! Baldintza hauek kontuan hartu eta jolastokiaren espazioen eta jolasen antolaketa berri bat egiteko unea zen.
LH3. mailakook beheko ikastolako ikasle zaharrenak izanik, gure tutoreek ikerketa lan bat egitea proposatu ziguten. Ordura arte emandako erabilera aztertzea, hausnartzea, ondorioak ateratzea eta erabilera berri baterako proposamenak egitea.
Lehenik eta behin, behaketa egin genuen.Talde bakoitzeko bi ordezkariek aste bateko datuak bildu zituzten: zer jolas, zenbat pertsona, neskak ala mutilak, zer espaziotan jolasten ginen eta gatazkak non sortzen ziren.
Ondoren, geletan, talde txikitan lehenengo eta handitan ondoren, emaitzak aztertu eta ondorio batzuk atera genituen: erdiko espazioa oso gutxi erabiltzen genuela, futbolak espazio handia hartzen zuela eta batez ere mutilak jolasten zirela, lur jolas berrietara apenas jolasten ginela eta gatazkak, batez ere, futbolean gertatzen zirela.
Hurrengo pausoa gure jolastokiaren txoko bakoitzerako proposamenak idaztea izan zen, hau da, zer jolasetara, nola, nortzuk eta zer materialekin jolastuko ginen. Lan honetarako, «betaurreko moreak» jantzi genituen… Zertarako? Ikastetxeko espazioen diseinua eta erabilera genero ikuspegitik aztertzeko. Espazioak hezkidetzarako espazio bihurtzeko egin daitezkeen hobekuntzak planifikatzeko. Gure jolas orduak guztiontzat berdinzaleagoak eta parte hartzaileagoak izateko.
Jolastokia lau eremu desberdinetan banatu genuen: frontoian baloi jolasen eremua (futbola, eskubaloia, brilleta eta esku pilota); erdigunean, alde batetik saskibaloia, eta, bestetik, sokasaltoa, goma, twisterra eta jolas librea; ezker txokoan, txingoa, txapa zirkuitua eta txoko lasaia; eta, eskuin txokoan, hiru marran, dantza eta berriketarako txokoa. Txoko bakoitzerako behar genuen materiala zerrendatu eta bildu genuen. Material guztia elkarrekin gordetzea erabaki genuen, patioaren ondoan dagoen gelatxo batean.
Eremuen antolaketan, eztabaida garrantzitsuena frontoiko eremuan gertatu zen. Betidanik futbolerako erabiltzen zen, eta neska bat edo beste ezik, beste guztiak mutilak jolasten ziren. Horren arrazoia zein zen neskei galdetzerakoan, honela erantzun zuten: «Talde mistoetan ia ez dugu baloirik ukitzen, eta mutilen jolasteko era zakarragoa da eta beldurra pasatzen dugu». Hainbat aukera aztertu eta kontuan hartu ondoren, neskek frontoi eremua astean jolas ordu batean hartzea adostu genuen.
Gure lanari bukaera emateko eta errespetuan eta berdintasunean elkar tratatzeko konpromisoa adierazteko, kontratua sinatu genuen. Bertan, denon artean bost ekintza burutzea adostu genuen: jolastokia neskek eta mutilek modu justuan hartuko dugu, frontoiko eremua neskek erabiliko dute asteazkenetan baloi jolasak egiteko, lur jolasak ikasiko ditugu eta jolastuko gara, joko ez sexista eta indarkeriarik gabekoetan arituko gara (sokasaltoan, goman, harrapaketan, ezkutaketan…) eta elkarrizketaren bitartez gatazkak konponduko ditugu, eta irakasle baten laguntzarekin, behar denean.
Kontratu honetan jasotakoa martxan jarri dugu jada. Hau izan da gure lana eta emaitzarekin oso pozik gaude!