Klasiko bat berrinterpretatzearena
THE COLOR PURPLE
Zuzendaria: Sam Blitz Bazawule.
Urtea: 2023.
Herrialdea: AEB.
XX. mendearen hasiera, sezesionismoak eragindako haustura eta zauri sakonetik ateratzen ari da AEBetako hegoaldea. Giro nahasi horretan, emakume afroamerikar baten bizitza osoko borrokei buruzko coming-of-age film dramatiko-musikal estatubatuarra da The Color Purple, Blitz Bazawulek zuzendua, izen bereko antzerki musikalean oinarritua eta, era berean, Alicia Walkerrek 1982an idatzitako izen bereko eleberrian errotua.
Garaiko Spielberg zuzendaria eta Quincy Jones ekoizlea elkartu ditu bigarren saiakera honek ere, filmaren beste erroetako bat den musikalaren ekoizle diren Scott Sanders eta Oprah Winfrey ezagunekin batera. Biribila biribiltzeko, azken hau Sofia protagonista izan zen 1985eko filmean.
Premisa interesgarri batetik abiatuta, aski luzea eta arrakastatsua izan baitzen aurreko bertsio haren itzala, kantu eta dantza ikuskizun hutsala eta zaratatsu bilakatu du Blitz Bazawulek Pulitzer saria ere irabazi zuen bortxaketa eta arrazakeria kontakizun hau.
Musika antzezpenak ikusgarriak dira, istorioa baikortasunez eta erronkaz beterik dago eta zinez ederra da pantailan aurkezten zaigun estetika. Baina Bazawulek inoiz bideratzea lortuko ez duen tentsio nabaria —eta baita kontraesana ere— dira nagusi Celie protagonistaren esperientzia gordinen eta pantailan aurkezturiko tonu zein iruditegi ikusgarrien artean.
Finean, istorioaren berrinterpretazio oso bestelakoa da, alternatiboa akaso, eta, zalantzarik gabe, okerragoa. Ghettoaren kontakizun tipikoaren estereotipoei buruzko berrirakurketa kritikoa, komedia dekonstruktibo gisara aurkezturikoa; jantzi berri baten forma eta neurrietan egokitzea kostatzen zaion drama sakona, zertzelada alai eta koloretsuekin apaindurikoa; tarteka barregarria, bai, baina etsigarria ere.


