Udalak bertan behera utzi du Zurriolako surf eskolak aukeratzeko lehiaketa
Donostiako Udalak bertan behera utzi du datorren udan Zurriolako hondartzan arituko diren zortzi surf eskolak aukeratzeko deitu zuen lehiaketa. Gipuzkoako Itsasertzetako Zerbitzu Probintzialak antolatu ohi du eskolak aukeratzeko prozesua, eta deialdiaren helburua zen hautagaiak hautatzeko baldintza teknikoak arautzea, “udan Donostiako Zurriola hondartzan surfa irakasteko jarduera hirugarrenek ustiatzeko”.
Deialdia urtarrilaren 12an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta interesdunek hamar eguneko epean aurkeztu behar zituzten eskabideak. Ordea, otsailaren 2an argitaratu zen aldizkari berean lehiaketa baliogabetu zela, “interesdunek aurkeztutako dokumentazioaren azterketa zabaltzeko eta deialdiari eragin diezaiokeen epai berri bat aztertzeko”.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak azaldu duenez, buletinaren iragarkian aipatzen den epai judiziala joan den azaroan Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Axier Muniain surflariaren alde emandakoa da. Izan ere, Muniainek epaitegietara jo zuen Zarauzko Udalak urte osoan surf eskolak emateko aukera eman ziezaion, eta ez uda garaian bakarrik.
Aipaturiko egunkariaren arabera, epaimahaiak arrazoi partziala eman dio surflariari, bere surf eskola lau urtez ustiatzeko baimena eskatu baitzuen. Estatuko Kostaldeen Zerbitzuak, berriz, Zarauzko Udalaren txosten bati jarraituz, eskaera hori baztertu eta udan bakarrik lan egiteko aukera eman zion. Muniainen helegitearen ondoren, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du surf eskolak ez direla hondartza sasoiko jarduera bat. Horregatik, surf eskolak urte oso batez funtziona dezan baimentzen du.
Mahai gainean jarri dituzte aste honetan epai judiziala eta sektorearen errealitatea, sektoreko eta udaleko ordezkarien artean egin zuten topaketa batean. Izan ere, gogoratu behar da uda honetan zabalduko dutela berriz Zurriolako ZM eraikina, bere surf eskola propioarekin.