Uliako putzuak, animalia espezie askoren bizitoki
Sei putzuk osatzen dute Uliako putzu sarea, eta hainbat animaliaren haztegi eta bizileku dira toki horiek. Baserri inguruetan naturalki sortutako hezeguneak indartzeko sortu zituzten, eta ezaugarri desberdinak dituztenez, biodibertsitateari onura egiten diete.
Hezeguneen Munduko Eguna ospatu ohi da otsailaren 2an, eta horren harira, Donostiako Cristina Enea Fundazioak kudeatzen duen Ulia Interpretazio Zentroak irteerak antolatzen ditu Uliako putzu sarea ezagutzeko. Otsailaren 3an egin zuten azkena, eta irteeran parte hartu ezin izan zutenentzat, Uliako putzu sarearen inguruko xehetasunak azaldu dizkigu Oihana Orkolagak, Ulia Interpretazio Zentroko arduradunak.
Uliako putzu sarea 2014. urtetik aurrera hasi zen sortzen, Donostiako Udalarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean. Izan ere, Uliako baserrietan eraiki diren asketan eta bertako Kutraia iturrian, adibidez, naturalki anfibio populazioak egon dira, baina bizirauteko «aukera gutxirekin», Orkolagak azaldu duenez: «Aska eta iturri hauek oso aldenduta daude bata bestearengandik; isolatuta, alegia. Orduan, putzu sarea sortu zen bertan bizi diren populazioei aukera gehiago eskaintzeko».
Uhandre palmatua eta txantxikua dira Ulian gehien aurkitzen diren anfibio espezieak, baina putzuetan beste hainbat animalia ere bizi dira.
Sei putzuk osatzen dute Uliako putzu sarea, eta horietako bi dira Herri Ametsa ikastolaren alboan dagoena eta Ulia Interpretazio Zentroaren ondoan dagoena, batzuk aipatzearren. Nabarmendu behar da putzu horiek ez direla naturalak, eta gizakiak sortu behar izan dituela. Izan ere, Orkolagak zehaztu duenez, Uliak daukan ezaugarrietako bat da lurra hareharritik sortua dela, eta beraz, oso iragazkorra dela. «Ez du ura gordetzen, filtratu egiten delako. Beraz, horrelako eremuetan ez dira naturalki sortzen lurrazaleko ur putzuak. Anfibioak munduko animalia talde mehatxatuenetarikoak dira, eta horiek indartze aldera sortzen dira putzu sareak», adierazi du.
Ulian, bereziki, uhandre palmatua (lissotriton helveticus) eta txantxikua (alytes obstetricans) dira gehien aurkitzen diren anfibio espezieak. Ordea, anfibioez gain, beste hainbat animalia ere aurki daitezke: «Odonatuen ninfa asko egon ohi dira uretan. Sorgin-orratzek ere uretan pasatzen dute euren bizitzako fase bat; hori dela eta, odonatuek ere putzuak behar dituzte ugaltzeko. Eta gero, uretako kakalardo desberdinak eta hainbat intsektu ere aurkitzen dira bertan».
Finean, bertan bizi dira ura beharrezkoa duten espezieak, eta era berean, hegaztiak, ugaztunak eta narrastiak erakartzen dituzte, ura edatera edo garbitzera joaten direnak; saguzarrak eta trikuak aipatu ditu Orkolagak.
Biodibertsitatearentzat leku bikaina
Interpretazio zentroko arduradunaren arabera, Ulian gertatzen den «gauza on bat» da putzuak oso desberdinak direla elkarren artean: «Batzuk itzaletan daude, beste batzuk zona irekiagoetan, eta horrek aukera ematen du animalia espezie bakoitzak behar dituen ezaugarrietara moldatzeko. Putzuak desberdinak izateak aukera ematen die espezieei bertan instalatzeko eta bertan ugaltzeko», azaldu du.
Uliakoen kasuan ez da oso ohikoa, baina gertatzen da batzuetan putzuak lehortzen direla, eta jendeari iruditzen zaionaren kontra, «hori ez da arazo bat», Orkolagak nabarmendu duenez: «Ondo dago ezaugarri desberdinak dituzten putzuak egotea. Behar izaten dira noizean behin lehortzen diren putzuak, horiek ere beste espezie batzuk erakartzeko aukera ematen dutelako. Era berean, horregatik da garrantzitsua sare bat egotea; putzu bat lehortzen bada, inguruan beste batzuk edukitzeko ura behar duten animalientzat».
Uliako putzuak ez dira oso handiak, eta segurtasunagatik hesituta egoten dira. «Azkenean, Ulia jende asko ibiltzen den leku bat da, eta asko txakurrekin joaten gara. Horregatik, hesitxo bat jartzen zaie, putzuak babesteko», azaldu du.
Zaindu beharreko guneak
Orokorrean, putzuak egoera onean daudela azaldu du Orkolagak, baina noizbat izan dituzte arazoak, baita ere. «Adibidez, zaborra aurkitu izan dugu putzuren batean, baina esango nuke azken urteetan ez dela gertatu. Guk urtero egiten diegu bisita Hezeguneen Mundu Egunaren aitzakiarekin, eta urteren batean nahiko zabor aurkitu dugu. Baina azkenaldian, egia esan, ez. Mendiko plastikoren bat eta horrelako gauzak, baina aulki bat botata edo horrelako ezer ez», zehaztu du.
Eta beste arazoren bat ere izan dute, espezie inbaditzaileekin zehazki. «Ez dakit borondate onez edo txarrez izan den, baina jendeak askatu izan ditu bertan karramarro amerikarrak, adibidez. Ondorioz, garbiketa sakon bat egin behar izan genuen putzuren batean», azaldu du Orkolagak, baina gehitu du orokorrean ez dutela horrelako arazo larririk izaten.
Orokorrean putzuak egoera onean mantentzen badira ere, jendeak zaborra bota izan du haietan, eta espezie inbaditzaileak ere izan dira.
Interpretazio zentroaren arduradunaren ustez, gaur egun, jendea «kontzientziatuago» dago ingurumena zaintzearekin, baina oraindik lan gehiago egin behar da arlo horretan. Uliako putzuek, biodibertsitatea zaintzeaz gain, helburu didaktikoa ere badutela azaldu du: «Herri Ametsako putzua ikastolako ikasleekin elkarlanean sortu zuten. Aranzadik Eskoletako Urmaelen Sarea izeneko proiektu bat dauka, eta Herri Ametsakoa sare horretan sartuta dago. Eta Aranzadikoek helburu didaktikoarekin erabiltzen dituzte eskoletan bertan edo gertu dauden putzuak, ikasleei hezeguneen garrantzia adierazteko eta ekosistema baten bilakaera aztertzeko erreminta didaktiko gisa».
Ulia Interpretazio Zentroan ere anfibioen inguruko tailerrak antolatzen dituzte noizbehinka haurrentzat, eta bisitak egin ohi dituzte putzuetara: «Uste dugu informazioa emateaz gain, ekintzara pasatzea ere garrantzitsua dela, bakoitzak bere aletxoa jarriz bereago sentitzen dituelako espazio hauek».