IRUTXULOKO HITZAk hemeretzi urte bete ditu!
Ospakizun eguna dugu gaurkoan, gaurko egunez jaio baitzen IRUTXULOKO HITZA, duela hemeretzi urte, 2005ean. 1994tik argitaratzen zen Irutxulo astekariaren lekukoa hartu zuen IRUTXULOKO HITZAk, Bagera Euskaltzaleen Elkartearen, Bertako Hedabideak enpresaren (Berria Taldearen barrukoa) eta hiriko 41 eragileren eskutik, eta egunkari gisa argitaratzen hasi zen 2005eko otsailaren 17an —hemeroteka guztia hemen daukazue eskuragarri—. 2013an, astekari izatera itzuli zen, eta hala jarraitzen dugu gaur egun, ostiraletan 32 orrialdeko astekaria ateratzen eta webgunean eguneroko informazioa lantzen.
Donostia den horretan eta euskaraz kontatzeko jaio zen IRUTXULOKO HITZA, eta horretan dihardugu ordutik, pasioz. Historiako zein egungo diskurtso hegemonikoetatik harago doan Donostiari begiratzen diogu, auzoen Donostiari, zapalduen Donostiari eta kulturaniztasunaren Donostiari, ikuspegi berdinzale, kritiko, zorrotz eta plural batetik.
Horretarako, ezinbestekoa zaigu Donostiako norbanakoen eta eragileen babesa, eta zuei esker jarraitzen dugu egunero Donostia den horretan kontatzen, eta hala jarraituko dugu. Beraz, mila esker irakurle, harpidedun, iragarle eta babesle guztiei, zuek gabe hau ez bailitzake posible izango.
Hain zuzen ere, hemeretzigarren urteurrena ospatzeko, IRUTXULOKO HITZAtik gehien maite duzuna kontatu ahal diguzu, hemen. Jarraitu dezagun elkar zaintzen, eta bete ditzagun beste hemeretzi urte elkarrekin!

IRUTXULOKO HITZAko egungo lantaldea: Naike Usabiaga Urruzola (kudeatzailea), Andrea Bosch Alfaro (kazetaria), Karmele Ugalde Arcenillas (sustapen arduraduna), Xalba Ramirez Cruz (kazetaria), Aizpea Aizpurua Arroio (komertziala), Beñat Parra Rodriguez (kazetaria eta zuzendaria), Olatz Balda Sagarzazu (kazetaria), Joseba Parron San Sebastian (argazkilaria), Sara Ibarguren Etxeberria (kazetaria) eta Oier Arribas Ciria (diseinatzailea). Inaxio Esnaola Aranzadi kazetaria falta da argazkian, gaur egun eszedentzian dagoena.Joseba Parron San Sebastian