100 urte dira Amale Arzelus jaio zenetik, irratian euskaraz aritu zen lehenengo emakumea
Gaurko egunez jaio zen Amale Arzelus donostiarra (Erdialdea, 1924 — Gros, 2015), duela 100 urte. Irratian euskaraz aritu zen lehenengo emakumea izan zen, zortzi urterekin bere aita Ander Arzelus Luzear-en eta Joseba Zubimendiren Donostiako Union Radio irratiko irratsaioan aritu baitzen esatari, 1932ko martxoaren 2an. Euskarazko lehen irratsaioa zen hori, Luzearrek eta Zubimendik orduan sortutakoa.
Aitak idatzitako bakarrizketa, antzezlan eta hitzaldien esatari izan zen haurra zenean, garaiko euskal kulturaren izen handien artean. Ondoren, 36ko gerraren bueltan, erbesteratu behar izan zen, baina hirira itzuli zen gero, eta Elbira Zipitriarekin batera irakasle lanetan hasi zen 1948an, ikastola klandestinoan. Bizitza osoa eman zuen euskararekin eta euskaltzaletasunarekin lotuta, eta 2015ean zendu zen, 91 urte zituela.
IRUTXULOKO HITZAk elkarrizketa egin zion Amale Arzelusi 2012an, aipatu irratsaioaren 80. urteurrenaren bueltan Gipuzkoako Foru Aldundiak Arzelus aita-alabei eta Zubimendiri egin zien omenaldiaren harira. Besteak beste, irratsaioan parte hartzen hasi zenekoa oroitu zuen: “Aitak ez zuen mikrofono aurrean hitz egitea atsegin, eta ni berritsu lotsagabea nintzen. Beraz, berak idatzi eta nik esatari lana egitea bururatu zitzaion”. Zipitriarekin andereño lanetan hasi zenekoa ere gogoratu zuen Arzelusek elkarrizketa hartan: “Ezkondu berria nintzen, eta Elbirak berarekin eskolak emateko esan zidan. Ikastaroak hartzeko euskara jakin behar zen; eta gehienek bazekiten, baina batzuek erraztasun gutxiago zuten. Elbirak euskaldunak hartzen zituen, eta ni, batez ere, ondo ez zekitenei euskararekin laguntzeko hasi nintzen andereño bezala San Jeronimo kaleko etxean”.