Arantzazu Azpiroz omenduko du DBD martxa zikloturistak
Donostia-Baiona-Donostia martxa zikloturistak (DBD) iragarri du Arantza Lekuona txirrindulari ohia (Berastegi, Gipuzkoa, 1981) omenduko duela aurten. 2001 eta 2008 urteen artean izan zen profesionala, eta hainbat lorpen esanguratsu eskuratu zituen: besteak beste, Espainiako txapeldun izan zen 2002an. Berarena da DBDk aurten iragarri duen bigarren omenaldia, joan den astean iragarri baitzuen Marino Lejarreta txirrindulari ohia ere omenduko duela.
Apirilaren 13an egingo dute aurtengo DBD martxa zikloturista ez lehiakorra, Manteo kiroldegi ondotik abiatuta. Jaizkibelera abiatuko dira handik txirrindulariak, eta Hondarribira jaitsi ondoren, euskal erlaitzetik igaroko dira. Handik, ibilbide luzea egingo dutenak (123 kilometro) Sara aldera abiatuko dira, eta laburra egingo dutenak (82 kilometro), aldiz, Irunerantz itzuliko dira Urruñatik, Jaizkibel berriz igotzeko, kontrako norabidean. Ibilbide luzekoek ere Jaizkibel bigarrenez igoko dute bueltan, eta denek Manteon bukatuko dute.
Bera Berak antolatzen du martxa, 1.500 bat lagunek hartu ohi dute parte eta izena emateko epea zabalik dago, hemen. Iaz, Pedro Perico Delgado txirrindularia omendu zuten, eta martxan parte hartu zuen.