Donostiako Udalak komunitate energetikoak «ez oztopatzeko» eskatuko dio Iberdrolari
EH Bilduk proposamena aurkeztuko du udalbatzan, Añargi kooperatibako kideek enpresa energetiko handiaren trabak salatu ostean. Koalizio abertzaletik aurreratu dutenez, proposamena onartua izango da, Donostiako Udal Gobernua osatzen duten bi taldeek bat egin baitute EH Bilduren idatziarekin.
EH Bilduk mozio arrunta aurkeztuko du Udalbatzan, Iberdrola enpresa inguruko komunitate energetiko txikiak oztopatzen ari dela salatu eta aferaren inguruan eztabaidatzeko. Azaldu dutenez, energiaren kontsumorako ibilbide berriak sortzen ari diren une honetan, auzo eta herriak antolatzen hasi dira energia trantsizioa martxan jarri eta ekoizpen iturri berriztagarrien alde egiteko. Hala dabiltza Igeldoko Kooperatiba Energetikoa eta Añorgako Añargi Kooperatiba, besteak beste. Azken hori da garatuena, baina trabak baino ez ditu jaso Iberdrola enpresa energetiko handiaren aldetik.
Añardiko kideek Irutxuloko Hitzari azaldu diotenez, proiektua auzoan bertan dute kokatua, eta Ikastolaren eraikinaren gainean dituzten 76 plakek prest daude lanean hasteko. Nolanahi ere, ezer baino lehen komunitate eskatzaileak txosten bat aurkeztu behar dio Iberdrolari, inguruko hornitzaile bakarra izanik, plaken kontagailua non eta nola jarri zehaztu behar duelako energetika handiak. Añorgako kooperatiba energetikoko kideen arabera, baina, hor sortzen dira arazoak. Kooperatibak salatu duenez “unean bertan konpondu daitekeen akats nimiño” batengatik ere atzera botatzen dute proiektua, eta berriz hasi. Horrek luzatu egin ditu hasierako aurreikuspenak, eta arazo bilakatu da, batik bat, inbertsioa egin eta lehen emaitzak ez direlako eman oraindik.
Hori horrela, EH Bildu kideek udalbatzan aurkeztuko dute mozioa, eztabaidatua izan dadin. Nolanahi ere, koalizio abertzaleak iragarri duenez, udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSEk bat egin dute EH Bilduren idatziarekin eta eskaerak aurrera egingo du.