Intxaurrondo Kultur Etxeak hartuko ditu Dokan egitekoak ziren hainbat kontzertu
Antiguako Doka aretoan egitekoak ziren hainbat kontzertu Intxaurrondo Kultur Etxean egingo dituzte, Donostia Kulturak eta Dokak berak hala adostuta. Zehazki, zortzi talderen kontzertuak lekualdatu dituzte, eta hiru saiotan kokatu dituzte emanaldiak: apirilaren 26an Herenegun, Mugan, Indabe eta Ithaka taldeek joko dute, 20:30ean; Anestesia eta Goma-2 taldeek joko dute apirilaren 27an, 21:15ean eta Kerobia eta Bi Zaldi ariko dira maiatzaren 3an, 21:30ean. Sarrerak Dokaren webgunean daude salgai.
Egun batetik bestera erabaki behar izan zuten Dokako arduradunek aretoa ixtea, abenduan, sabaiko egituran “kalte larriak” aurkitu zituztelako. Hala azaldu zuten: “Ustekabean sabaiko egituran kalte larriak identifikatu ditugu, kanpotik eraginda izan daitezkeenak. Horren jakitun, arduraz jokatzea dagokigu eta aretoa ixteko beste erremediorik ez dugunez, halaxe egitea erabaki dugu. Gure lehentasuna langile, artista zein zuon segurtasuna bermatzea da, eta, hortaz, gaurtik aurrerako programazioa bertan behera geratuko da”.